Berriak

Atzealdea

“Ez ezetz da!” kanpaina berezia egingo du Udalak jaietan

Herriko neska talde baten ekimenez, etxera laguntzeko hitzorduak jarriko dira festetan gauero

2018·07·04


Ate joka ditugun Alegiako jaiei begira, Alegiako Udalak lanketa berezi bat egin nahi izan du sexu erasoen gaiaren inguruan. Ekainean sexu erasoen aurkako protokolo bat garatu zen herriko talde zein eragile ezberdinen eta herritarren parte hartzearekin. Jaietan erasoren bat gertatuko balitz, erantzun koordinatu bat emateko gaitasuna izatea da protokoloaren helburuetako bat. Horrekin batera, herritarren kontzientziazioa ere bultzatu nahi da, erasoren bat somatuko balute jarrera aktiboa izatera bultzatuz. Kontzientziazio horretarako bidean, Udalak “Ez ezetz da!” kanpaina berezi bat egingo du jaietan. Lema hori duten pegatinak banatuko dira eta tabernetan, erasoren baten aurrean nola jokatu behar denaren inguruko informazioa egongo da.

Neska taldearen ekimena

Ildo beretik, Alegiako neska talde baten ekimenez, gauero etxera joan nahi dutenei laguntzeko hitzorduak jarriko dira. Orendaingo bidegurutzean elkartu eta taldean egingo da etxeetarako bidea, inor bakarrik joan ez dadin. Ordutegiak ondorengoak izango dira:

-Asteazken gauean: 02:00etan eta 04:00etan.

-Ostegun gauean: 03:00etan.

-Ostiral gauean: 02:30ean eta 05:00etan.

-Larunbat gauean: 02:30ean eta 05:00etan.

-Igande gauean: 01:00ean.

 

Argazkian ekimenaren sustatzaileak eta udal ordezkariak.