Berriak
Atzealdea

Abenduaren 16tik urtarrilaren 5era bitartean luzatuko da Gabonetako Egitaraua

Kultura batzordeak adin guztiei zuzendutako ekitaldi ugari prestatu ditu datozen asteetarako

2018·12·11


Alegiako Kultura batzordeak prest du urtero bezala eguberrien inguruan antolatzen duen eskaintza kulturala. Egitarauaren bizkar hezurra ohiko ekitaldiek osatzen dute baina tartean badira berrikuntza batzuk ere. Egitarauari igandean, abenduak 16, emango zaio hasiera ohiko gaztain jatearekin. 18:00etatik aurrera plazan izango dira gaztainak herritarren eskura. Abenduaren 19an Loatzo musika eskolako ikasleen emanaldia izango da 18:30ean Elizpe zinean eta musikarekin jarraituz, hilaren 23an Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzen gabonetako kontzertua izango da 18:30ean elizan.

Abenduaren 24arekin batera, San Juan eskolako ikasleak kantuan ibiliko dira goizean kaleetan eta arratsaldean Txintxarri abesbatzak hartuko die lekukoa. 18:30ean Olentzero eta Mari Domingi iritsiko dira Alegiara eta eskola aurrean egingo zaie harrera. Abenduaren 25ean Txintxarri abesbatzak meza nagusian abestuko du.

Aurtengo berrikuntzetako bat abenduaren 26an, 27an eta 28an eskainiko den zirku tailerra izango da. Adunako Asvinenea zentroan izango da eta 6 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendua izango da. Interesa dutenek abenduaren 20ra bitartean eman ahalko dute izena kultur etxean eta informazio gehiago nahi dutenek ere bertan eskuratu ahal izango dute.

Kirolak ere izango du bere lekua egitarau horretan. Abenduaren 26tik 29ra Gabonetako Pilota Topaketa jokatuko da. 26an eta 27an sailkatze partidak jokatuko dira eta 29an finalak 16:00etatik aurrera Elorri pilotalekuan. Urteko azken egunarekin batera berriz, bederatzigarren San Silbestre krosa jokatuko da. 16:00etatik aurrera maila ezberdinetako probak jokatuko dira. Izena emateko epea zabalik da kultur etxean abenduaren 18ra bitartean. 19:00etan “Euskal preso eta iheslari eta senideen eskubideen alde” lemapean manifestazioa egingo da plazatik abiatuta.

Urte berriarekin batera, hilaren 1ean Txintxarri abesbatzak meza nagusian abestuko du eta 12:15ean udal hautetsiek mandarinak eta intxaurrak banatuko dituzte plazan. Urtarrilaren 2an eta 3an Multikirola kanpusa eskainiko da goizetan Iturri Zahar guraso elkartearen eskutik eta urtarrilaren 5eko errege kabalgatak itxiko du egitaraua.

Egitarau osoa webgune honetan agenda atalean duzue, hemen.