Berriak

Atzealdea

Abenduaren 31n Alegiako IX. San Silbestre krosa jokatuko da

Izena emateko epea zabalik egongo da abenduaren 18ra bitartean eta 16 urtetik gorakoek 6 euro ordainduko dute

2018·12·05


Alegiako San Silbestre lasterketak bederatzigarren ekitaldia izango du aurtengoa.  Iaz ibilbidean egin ziren aldaketei eustea erabaki du antolakuntzak eta horrenbestean, helduen lasterketan hiru itzuli egingo dira 4380 metro osatuz. Ohi bezala, gaztetxoenetatik hasi eta beteranoetara bitarteko mailak izango dira eta distantzia ezberdinak izango dituzte. Aurrebenjamin, benjamin eta alebinek lasterketa bat egingo dute eta infantil, kadete, heldu eta beteranoek beste bat.

Izena emateko epea jada zabalik dago eta hala egongo da abenduaren 18ra, asteartea, bitartean. Epe horretan kultur etxera joan beharko da izena ematera eta hala egiten dutenek, aurtengorako diseinatu diren kamiseta bat jasoko dute opari. Haurrek eta gaztetxoek eskolan ere izango dute izena emateko aukera. Lasterketaren egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera. 14:30etik 15:30era eman ahalko da izena udaletxeko sarreran. Behin 15:30ak pasata, ez da izena ematerik onartuko. Modu batera edo bestera izena ematen duten 16 urtetik gorakoek 6 euro ordaindu beharko dute.

Ohi bezala, mozorro onenak saria izango du eta parte hartzaile guztien artean opariak zozkatuko dira.

Dirua Mukwano-Lagun GKErentzat

Iaz bezala, aurten ere 2006tik Ugandako haurrekin lanean ari den Mukwano-Lagun Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat izango da lasterketaren bueltan lortzen den dirua. Horrenbestean, jendea proban parte hartzera animatu nahi da, parte hartze hutsak beharra dagoen lekuan laguntzea ahalbidetuko duelako.