Berriak
Atzealdea

Adinekoen agendan egonkortzeko helburuarekin hasiko da urriaren 25ean Txintxarriak Martxanen hirugarren denboraldia

Ekainaren 20ra bitartean guztira hogeita bederatzi irteera egingo dira ostegun goizetan

2018·10·23


Aurreko denboraldietako parte hartzeari eutsi eta jada adineko pertsonentzako hitzordu klasiko bihurtzeko helburuarekin, urriaren 25ean emango zaio hasiera 2018-2019 ikastaroko Txintxarriak Martxan ekimenari. Adineko pertsonak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta beraien arteko harremanak sustatzea helburu dituen ekimenak hogeita bederatzi irteera egingo ditu ekainaren 20ra bitartean eta funtzionatzeko modua aurreko ekitaldietakoaren berdina izango da. Hau da, ibilaldiak ostegunetan goizeko 10:30ean abiatuko dira plazatik eta ondoren hamaiketakoa egiteko aukera izango dute parte hartzaileek, herriko taberna ezberdinek eskainita.

Aurreko denboraldietan bezala, adin tarte ezberdineko pertsonek ibilbide ezberdinak egiteko aukera izango dute eta irteera bakoitzean talde eta elkarte ezberdinetako kideen laguntza izango dute parte hartzaileek. Aralar institutua, Jubilatuen elkartea, Nagusilan eta eliza dira laguntza eskainiko duten elkarte horiek. Ekimena Alegiako Udalak eta osasun zentroak elkarlanean antolatu dute denboraldi honetan ere eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie ibilaldietan laguntza eskainiko duten elkarteei.

Beste urteetako moduan, lehendik erabiltzaile direnek beraien txartela erabiliko dute. Horrekin batera, orain arte ibilaldietan parte hartu nahi dutenei parte hartzeko gonbitea luzatzen zaie eta izena emateko aukera urriaren 25ean bertan izango dutela jakinarazten zaie.