Berriak
Atzealdea

Alegiako festen balorazio positiboa egin du Festa batzordeak

Egitarauko ekintzek izan duten arrakasta eta ibili den jende kopurua azpimarratu dituzte

2019·07·24


Alegiako Festa batzordeak “modu positiboan” baloratu ditu uztailaren 12tik 16ra bitartean ospatu ziren festak. Prestatutako egitarauko ekintzek jendearen aldetik jaso duten erantzunarekin pozik azaldu dira batzordeko kideak eta kalean somatu den jai giroa azpimarratu nahi izan dute.

Bost egunetan zehar adin guztientzako bideratutako ekintza ugari antolatu dira eta ekintza horien garapenean ez da inolako arazorik somatu. Jende aldetik ere festa emankorrak izan dira. Asteburuan egokitu ziren lehen egunetan ibili zen jende gehien baina astelehenean eta asteartean ere herritarrek zein kanpotik etorritakoek erantzun bikaina eman dute.

Azkenik, Festa batzordeko ateak herritar ororentzat irekita daudela gogorarazten da. 2020ko jaiei begira, lehen bilerak egiten direnenean zabalduko da deialdia eta ideia berriak eta lanerako prestutasuna duten guztiak ongi etorriak izango dira.

“Ez ezetz da!” kanpaina

Iaz bezala, aurten ere sexu erasoen aurkako protokoloa martxan izan da jaietan. Udala, emakumeen taldea, gaztetxea eta beste eragile batzuren elkarlanari esker protokoloa aurreikusi bezala garatu ahal izan da. Erasoak salatzeko jarri zen telefonoan ez da deirik jaso. Horrekin batera, kalean besoko moreekin ere ibili dira arduradunak, inork laguntzarik behar izanda ere. Udalak eskerrak eman nahi dizkie protokoloa garatzen eta jaietan lanean aritu diren pertsona guztiei.