Berriak

Atzealdea

Alegiako jaien balorazio positiboa egin du Festa batzordeak

Asteburuan azken urteetako jende kopuru handiena ibili dela azpimarratu dute

2017·07·27


Alegiako Festa batzordeak igaro berri diren jaien balorazio positiboa egin du. Orokorrean dena ondo joan dela adierazi dute eta nabarmentzeko moduko arazorik ez dela egon nabarmendu dute. Eguraldia ere lagun izan da aurtengo festetan eta horrekin animatuta edo, azken urteetako jairik jendetsuenak izan dira, bereziki asteburuan. Esate baterako, larunbat gauean plaza jendez goraino beteta egon zen Josu Rodriguez Djarekin eta igandean, Oinkari eta Hika Teatro taldeek eskainitako Sagartu ikuskizunak eta arratsaldeko harrijasotzaileen Txintxarri Sariak ere jende asko erakarri zuen. Horiekin batera, ostiraleko Kolpez Blai perkushowa arrakastatsua izan zen eta larunbateko goitibehera jaitsierara ere jendea bildu zen. Aipatzekoa da aldi berean, Erramun Martikorenak Txintxarri abesbatzarekin eskainitako kontzertuan jendea kanpoan geratu zela, sartu ezinik.

Gauzak horrela, balorazioa ona izanagatik ere, badira oraindik hobetu daitezkeen ekitaldiak. Batzordeko kideak horren jakitun dira eta aurrera begira gabezia horiek konpontzeko eta ahalik eta egitaraurik anitzenak antolatzeko lanean jarraituko dute. Hori bai, berriz ere gogorarazi nahi dute batzordeko ateak irekita daudela ekarpenak egin edo lanerako prest dagoen ororentzat eta proposamen guztiak ongi etorriak izango direla gaineratu dute. Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkiete jaietako ekitaldiak antolatzen esku bat bota duten guztiei.