Berriak
Atzealdea

Alegiako Mendi Asanbladak Aralarrera irteera egingo du uztaileko lehen asteburuan

Buruntzunzin aterpean bi gau pasako dituzte eta izena emateko epea ekainaren 24an itxiko da

2019·06·14


Alegiako Mendi Asanbladak urtero egiten duen asteburu pasako irteera egingo du uztailaren 5ean, 6an eta 7an. Aralar aldera joateko hautua egin dute aurten asanbladako kideek eta Buruntzunzin aterpean bi gau pasako dituzte. Uztailaren 5ean arratsaldez Ondarreko langaraino kotxez joango dira eta handik aterperako bidea oinez egingo dute, bakoitzak bere gauzak eramanez. Ostiraleko afaria eta larunbateko bazkaria norberak eraman beharko ditu, eta baita lo egiteko zakua ere.

Larunbateko gosaria eta afaria asanbladaren kontu izango dira. Gosaldu ostean egun osorako irteera egingo dute Igaratzara. Igandean berriz, gosaria eta bazkaria mendi asanbladak eskainiko ditu eta Artubira egingo dute irteera. Igande arratsaldean etxerako buelta egingo dute.

Izena emateko epea zabalik dago eta interesatuek ekainaren 24a baino lehen mezu bat bidali beharko dute alegiakomendiasanblada@gmail.com helbidera. Plaza mugatuak egongo dira eta irteera egin aurretik bilera bat egingo da antolaketaren berri emateko. Helduek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 15.