Berriak

Atzealdea

Altunaren aurka galduta lau t’erdiko txapelketan aurrera egiteko aukera guztiak galdu ditu Iñaki Artolak

Ligaxkari dagokion azken partida Urrutikoetxearen aurka jokatuko du ostiralean Balmasedan

2017·10·25


Final laurdenetako ligaxkan esango dio agur lau t’erdiko pilota txapelketari Iñaki Artolak. Ligaxkako bigarren partidan 22 eta 7 galdu zuen Altunaren aurka eta emaitza horrekin batera Urrutikoetxeak Ezkurdiari irabazi izanak, lehiatik kanpo utzi dute alegiarra. Hasieratik maldan gora jarri zitzaion neurketa Artolari eta ezinean aritu zen. Lehen atsedena 12 eta 4koarekin iritsi ziren eta handik aurrera gauzak ez ziren askorik aldatu. Horrenbestean, Urrutikoetxearen aurka ostiralean Balmasedan jokatuko duen partidarekin amaituko da alegiarraren txapelketa horretako ibilia. Ez da ezer jokoan izango, Artola aukerarik gabe delako eta Urrutikoetxeak jada poltsikoan duelako finalerdietarako txartela.

Intxurrekoak ostiralean

Gipuzkoako txapelketako jardunaldi berri bat izango dute Intxurreko pilotariek asteburuan. Ostiralean txapelketa horri dagozkion gomazko paletako hiru partida jokatuko dira Elorri pilotalekuan 18:30ean hasiko den jaialdian. Emakumezko jubenilen bigarren mailan, Intxurreko hiru bikote ariko dira eta Hernani 1, Hernani 2 eta Aia izango dituzte aurkari. Jaialdiari hasiera emateko, alebin mailako eskuz binakako bi partida jokatuko dira.