Berriak
Atzealdea

Apirilaren 9an hasi eta ekainaren 23an amaituko da Udaberriko Egitarau Kulturala

Guztira hamasei ekitaldi bildu ditu Kultura batzordeak eta ohi bezala denetik izango da

2018·04·05


Bi hilabete pasatxoko iraupena izango du Alegiako Kultura batzordeak antolatu duen Udaberriko Egitarau Kulturalak. Apirilaren 9an hasiko da lehen ekitaldia eta ekainaren 23an amaituko da. Bitarte horretan hamasei ekitaldi egingo dira eta ohi bezala, gustu guztietarako ekintzak antolatu dira. Antzerkia, ikastaroak, musika, dantza, hitzaldiak, dokumentalak…

Apirilaren 9an, 16an, 23an eta 30ean helduentzako dantza ikastaro bat eskainiko da kultur etxean Sutarri dantza taldeak antolatuta. Izena emateko epea zabalik dago martxoaren 31ra bitartean eta saioen ordutegia izena ematen dutenen artean zehaztuko da. Apirilaren 13an, ostirala, “Petresku, etzi ez etsi” haurrentzako antzerkia eskainiko da 16:15ean Elizpe zinean Iturri Zahar guraso elkarteak antolatuta. Apirilaren 20an, ostirala, Iker Lauroba eta Zentinelak taldearen kontzertua izango da Elizpe zinean 22:00etan. Iker Lauroba musikariaren bakarkako proiektua da, hainbat musikarik lagunduta. Apirilaren 25ean, asteazkena, Apika ipuin kontalarien eskutik “Ipuinak dantzan” ipuin kontaketa Saioa izango da 17:00etan liburutegian, Liburuaren Egunaren harira. Apirilekoak amaitzeko, hilaren 27an, ostirala, Sutarri dantza taldeak “Sustraietatik” ikuskizuna eskainiko du Elizpe zinean 22:00etatik aurrera.

Maiatzeko lehen ekitaldia hilaren 6an izango da, igandez. Beloztegiko baratze parkean Azoka Ekologikoaren bosgarren ekitaldia egingo da. 10:00etatik 14:00etara bitartean ekoizle ugariren produktuak ikusi eta erosteko aukera izango da. Maiatzaren 9an, asteazkena, “Angula ustelak. Erraustegia eta erakunde publikoetan politika egiteko moduak” hitzaldia eskainiko da 19:00etan kultur etxean. Hilaren 11n, ostirala, Mattin Zeberio gazte tolosarraren “Zortzi Yukon” dokumentala eskainiko da Elizpe zinean 22:00etatik aurrera. Lan horrek 2017ko Bilbao Mendi Film Festival jaialdi entzutetsuan euskal ekoizpen onenaren saria jaso zuen. Maiatzaren 8an, 15ean, 22an eta 19an, astearteak, jostun txokoa egingo da 14:30etik 16:00etara kultur etxean. Maiatzaren 26an Intxurre futbol taldeak denboraldi amaierako ohiko festa egingo du plazan eta 27an Langaurre Eguna ospatuko da.

Ekainari begira, hilaren 2an eskolako festa egingo da eta 8an, ostirala, Sutarri dantza taldeak ikasturte amaierako jaialdia egingo du 22:00etan Elorri pilotalekuan. Ekainaren 9an Herria Kantuan jaialdiaren hirugarren ekitaldia egingo da eta bertan parte hartzeko interesa luketen herritarrei kultur etxetik pasatzeko gonbitea luzatzen zaie. Ekainaren 12an, 13an eta 14an “Artearekin jolasten” izeneko tailerrak egingo dira. Haurrei eta familiei zuzenduta daude eta eskolako patioan egingo dira 16:00etatik 18:00etara Iturri Zahar guraso elkarteak antolatuta. Egitarauari amaiera ekainaren 23an emango zaio San Juan suarekin, ohi bezala, 21:00etan plazan.