Berriak
Atzealdea

APPak sortzeko eta Wikiloci buruzko urruneko ikastaroak eskainiko ditu KZ Guneak urtarrilean

Lehenak berrogei orduko iraupena izango du eta bigarrenak berriz, 20 ordukoa

2017·12·19


KZ Guneak urruneko ikastaroen eskaintza berritu du 2018ko urtarrilari begira. Berrikuntza horien artean, APPei buruzko ikastaro bat eta Wikiloci buruzko beste bat azpimarratu daitezke. APPei buruzko ikastaroak 40 orduko iraupena izango du. Pogramazioaren oinarrizko ezagutzak ikastea, APP Inventor erabiltzen ikastea eta smartphoneentzako aplikazio bat sortzea izango dira ikastaroaren helburuak. Ikastaroa gauzatu ahal izateko Interneten oinarrizko ezagutza izatea eta sarera konektatuta dagoen ordenagailu, tableta edo telefono bat izatea eskatzen da, KZ Guneko erabiltzailea izatearekin batera. Bideo tutorialetan parte hartzeko Skype kontua eta mikrofono bat izatea ere komeni da. Ikastaro hori urtarrilaren 15ean hasi eta otsailaren 14an amaituko da. Ikastaroaren itxarote zerrendan izena emateko, sartu hemen.

Wikilocen inguruko ikastaroak 20 orduko iraupena izango du. Mendiko ibilbideak biltzen dituen aplikazioa da Wikiloc eta ondokoak izango dira ikastaro horren helburuak: eskaintzen dituen aukerak ezagutzea, Wikilocen kontu bat sortzea, ibilbide berriak sortzeko gaitasuna izatea, besteek igotako ibilbideak erabiltzea eta ibilbideak administratzea. Hemen ere ezinbestekoa izango da KZ Guneko erabiltzailea izatea, Interneten oinarrizko ezagutza izatea eta sarera konektatuta dagoen ordenagailu, tableta edo telefono bat izatea. Skype kontua izatea ere gomendatzen da. Ikastaroak bi asteko iraupena izango du, urtarrilaren 15etik 31ra. Ikastaroaren itxarote zerrendan izena emateko, sartu hemen.