Berriak

Atzealdea

Aranzadik Alegian memoria historikoaren inguruan egingo duen lanketaren aurkezpena izango da asteazkenean

18:30ean hasiko da kultur etxean eta elkarteko Javi Buces eta Juantxo Agirre izango dira hizlariak

2017·10·20


Aranzadi zientzia elkarteak urteak daramatza Gerra Zibilarekin eta Frankismoarekin loturiko ikerketak egiten. Tokian tokiko ikerketak eginez memoria historikoa berreskuratu ahal izan da gerra eta errepresioa sufritu duten biktimengan arreta jarriz. Lanketa hori metodologia zehatz batekin egiten da eta ikerketaren dibulgazioarekin batera, biktima guztien onarpena lortzen da. Alegiako Udalak dinamika honekin bat egiteko erabakia hartu du, 1936 eta 1945 urte bitartean bizitako pasarte historikoak berreskuratzeko asmoz.

Egitasmoaren nondik norakoen berri emateko aurkezpen bat egingo da datorren urriaren 25ean, asteazkena, 18:30ean kultur etxean. Aranzadi elkarteko kide diren Javi Bucesek eta Juantxo Agirrek hartuko dute parte aurkezpen horretan eta herritar ororentzat irekia izango da.

Azaroan Oroimenaren bulegoa

Aurrekoarekin lotuta, azaroaren 3tik abenduaren 1era bitartean Oroimenaren bulego bat ezarriko da Alegiak Udaleko bigarren solairuan. Ostiraletan egongo da zabalik 10:00etatik 13:00era eta bertan, 1936 eta 1945 urteen artean errepresaliak jasan zituzten senideen edo pertsonen inguruko informazioa eskatzeko aukera izango da. Bertaratu ezin dutenek, 943 46 61 42 telefono zenbakira deituta edo imuxika@aranzadi.eus helbidera idatzita ere eskatu ahal izango dute informazioa.