Berriak
Atzealdea

Artolak eta Mariezkurrenak Arteagaren eta Albisuren aurkako partida garrantzitsua jokatuko dute igandean Gasteizen

Sailkapenean gauzak estu daude eta azken hiru partidetan erabakiko da zein bikote izango diren finalerdietan

2019·02·06


Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak binakako txapelketako finalerdietan izateko aukerekin jarraitzen dute lehen ligaxka amaitzeko hiru partida falta direnean. Sailkapeneko laugarrenak dira Irribarriaren eta Zabaletaren aurka 22 eta 15 galdu ostean eta lau bikote bi punturen bueltan daude azken hiru partiden atarian. Artolak eta Mariezkurrenak sei dituzte eta laugarren daude, finalerdietan izateko postuan. Atzetik Altuna eta Martija daude bost punturekin eta sailkapeneko bigarren eta hirugarren postuetan dauden bikoteak zazpirekin daude. Hain zuzen ere, hirugarren dauden Arteagaren eta Albisuren aurka jokatuko dute Artolak eta Mariezkurrenak igandean Gasteizen. Arteagak Aimar Olaizola ordezkatuko du. Goizuetarrak lesio bat du koadrizepsean eta lau hilabeterako baja izango da. Alegiarrak eta berriozartarrak irabazten badute, aurkariekin berdinduta geratuko dira sailkapenean eta atzetik dituztenekiko aldea mantendu egingo dute gutxienez. Galtzen badute berriz, gauzak are eta gehiago estutu daitezke.

Intxurrekoak ostegunean eta ostiralean

Bihar 20:00etan gomazko paletako partida bat jokatuko da Elorri pilotalekuan. Udaberri txapelketan emakumezko jubeniletan, Intxurreko bi bikoteak neurtuko dira. Ostiralean berriz, gizonezkoen eskuz binakako sei partida jokatuko dira 18:30ean hasita. Lehen hiruretan alebinak eta infantilak izango dira lehian. Intxurrek Errenteria, Alde Zaharra eta Añorgaren aurka jokatuko du. Udaberri txapelketari dagokionean, kadeteen lehen mailan Intxurrek Zumaia izango du aurkari, nagusien bigarren mailan Tartaloetxe eta nagusien lehen mailan Intza.