Berriak
Atzealdea

Artolak eta Mariezkurrenak Irribarriaren eta Zabaletaren aurka jokatuko dute binakako txapelketan bihar Urretxun

Azken jardunaldian 22 eta 20 galdu zuten Olaizolaren eta Albisuren aurka eta bigarrenak dira sailkapenean

2018·12·12


Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak binakako txapelketako laugarren jardunaldiko partida jokatuko dute bihar Urretxun Irribarriaren eta Zabaletaren aurka. Alegiarrak eta berriozartarrak txapelketako lehen partida galdu zuten igandean Eibarren Olaizolaren eta Albisuren aurka. Partida oso lehiatua izan zen eta 20na berdinduta egon ostean, Olaizolaren bi errematek erabaki zuten neurketa. Mariezkurrenak partida oso ona jokatu zuen eta Iñaki Artolak lan asko egin zuen bere bikoteari laguntzeko. Errematean ez zuen beste egunetako freskurarik erakutsi baina partida oso duina jokatu zuten maila handiko bikote baten aurka.

Une honetan bi punturekin sailkapeneko bigarrenak dira eta bihar aurkari izango duten bikoteak puntu bakarra du, nahiz eta ahal ikaragarria duen bikotea izan.

Intxurrekoak ostiralean Elorrin

Gipuzkoako buruz buruko txapelketako final laurdenetako partida bat jokatuko da ostiralean 18:30etik aurrera Elorri pilotalekuan. Jubeniletan Intxurreko Olanok Tolosako Goikoetxearen aurka jokatuko du. Jaialdi berean, infantil mailako bi neurketa jokatuko dira aipatu partidaren aurretik eta ondoren eta Zumaia eta Lapke izango dituzte aurkari Intxurrekoek. Buruz burukora itzulita, jubeniletan eta kadeteetan final laurdenetako beste bi kanporaketa ere jokatuko dituzte Intxurrekoek etxetik kanpo eta eskuz binaka, nagusien hirugarren mailan, finalerdietako itzulerakoa jokatuko du Intxurrek Zumaian bertako bikotearen aurka.