Berriak
Atzealdea

Artolak eta Mariezkurrenak Lasoren eta Aretxabaletaren aurka jokatuko dute larunbatean Markinan

Azken partidan 22 eta 14 galdu zuten Elezkanoren eta Rezustaren aurka eta bost punturekin jarraitzen dute

2019·01·23


Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak binakako pilota txapelketako hamargarren jardunaldiko partida jokatuko dute larunbatean Markinan. Mikel Urrutikoetxearen ordez ariko den Unai Laso eta Andoni Aretxabaleta izango dituzte aurkari eta alegiarraren eta berriozartarraren helburua seigarren puntua eskuratzea izango da. Urrutikoetxea eta Aretxabaleta sailkapeneko zuloan daude bi punturekin eta Artolak eta Mariezkurrenak bost dituzte. Laugarrenak dira eta bosgarren dagoen bikotea bi puntura dute. Garaipena lortzen badute, lau partidaren faltan aldeari gutxienez eutsi egingo diote eta horrek finalerdietan izateko aukerak dezente ugarituko dizkie. Dena den, ez dute partida erreza izango, aurreko larunbatean izan ez zuten bezala. Elezkanoren eta Rezustaren aurka jokatu zuten Labriten eta 22 eta 14 galdu zuten sailkapen buru direnen aurka. Lehen zatia orekatua izan zen baina bigarrenean liderren joa nagusitu zen.

Intxurrekoak ostiralean eta igandean

Udaberri txapelketako hirugarren jardunaldia jokatuko da asteburuan. Ostiralean txapelketa horretako partida bat bilduko duen jaialdi bat jokatuko Elorri pilotalekuan 18:30ean. Guztira bost partida izango dira eta lehen lau lehiak alebin eta infantil mailetakoak izango dira. Udaberri txapelketakoa azkena izango da eta eskuz binaka gizonezkoen nagusien bigarren mailan, Intxurre eta Tolosa neurtuko dira.

Kluben arteko Euskal Herriko txapelketan ari diren Intxurreko bikoteek ere partidak izango dituzte asteburuan. Gomazko paletan, emakumezko kadeteetan, Intxurrek Mendillorriren aurka jokatuko du larunbatean 16:00etan Abadiñon. Iragan asteburuan 20 eta 18 galdu zuten Ataunen aurka. Eskuz binaka, gizonezkoen nagusien ohorezko mailan, Hernani izango da Intxurreren aurkaria. Partida hori Elorri pilotalekuan jokatuko da igandean 11:00etan.