Berriak
Atzealdea

Asteburuan guztiz murgilduta, ez da festarako aukerarik falta Alegian

Sagardo dastaketan plaza bete jende ibili da eta goitibehera jaitsierak ere erakarri ditu ikusleak

2018·07·14


Bigarren eguna dute gaurkoa Alegiako jaiek. Atzoko hasiera indartsuaren ostean gogotsu ekin zaio gaurko egunari ere. Lastima izan zen atzo gauean Skasti eta Bad Sound taldeen emanaldiak bertan behera geratu behar izatea eguraldi txarragatik. Gaurkoa, oarin artean, ederra doa. Dultzaineroen dianaren segidan haur parkea zabaldu da eskolako patioan eta asko izan dira egun osoan zehar bertan gozatu ahal izan duten txikiak. Eguerdirako jendetza hurbildu da plazara jaietako hitzordurik jendetsuenetako bat izaten den sagardo dastaketara. Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Zalbide, Aburuza eta Zabala sagardotegietako sagardoa izan da dastagai eta betiko moduan, estimu handiena izan dutenak sardina eta txorizo errea izan dira. Bazkalosterako ere eskaintza zabala izan da. Hirugarren urtez goitibehera jaitsiera egin da Galarreta baserrirako bidean behera eta aurtengo ekitaldiak ere erantzun bikaina jaso du parte hartzeari zein ikusleei dagokionean. Haurren apar festa ere egin da eta une honetan pilota jaialdi bat jokatzen ari dira Elorri pilotalekuan. Jaialdiko lehen bi partidak Alegiako pilota txapelketako finalak dira, kadeteen eta afizionatuen mailetan. Kadeteetan Zubeldia eta Lizeaga Amianoren eta Uzkudunen  aurka eta afizonatuetan, Eneko Labaka eta Aizpuru, Zubiriaren eta Garmendiaren kontra. Hirugarrenean profesionalak ariko dira eta Iñaki Artola herritarrak Beñat Urretabizkaiarekin osatuko du bikotea, Lasoren eta Erasunen aurka jokatzeko. Zahagiardoaren ostean Psycho Clown kale perkusio ikuskizuna ibiliko da kaleetan eta gauerditik aurrera Josu Rodriguez DJaren saioa izango da.

Biharko eguna ere bete-betekoa izatea espero da. Herriko txistulari ohien dianarekin esnatuko dira alegiarrak eta eguerdian balkoi eta leiho dotoreenaren lehiaketako sari banaketa egingo da. 12:30ean Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzen alardea izango da plazan. Kontzertu berezi bat eskainiko dute bi abesbatzek eta tartean, txistulariei errekonozimendu bat ere egingo zaie. Arratsaladean ume jolasak izango dira Gaztelekuko gazteen eskutik eta 18:30ean herri kirol jaialdi bat egingo da Larraitz auzoko plazan. Harrijasotzaileen Txintxarri Sariaren hamahirugarren ekitaldia jokatuko da, aldi berean Gipuzkoako harri txikien txapelketa izango dena. Aimar Irigoien, Izeta IV, Urra, Goikoetxe, Peña eta Xabat Olaizola harrijasotzaileek hartuko dute parte eta tartean, Idoia Etxeberria eta Karmele Gisasolaren erakustaldia ere izango da. 19:30ean Tio Teronen Semeak taldeak dantza eta umorea uztartzen dituen Freshcool ikuskizuna eskainiko du plazan eta gau partean, Sutarri dantza taldearen emanaldia eta Joxe Mendizabalekin dantzaldia izango dira.

 

Igandeko egitaraua:

09:00 KALEJIRA BEREZIA, herriko txistulari ohiekin.

12:15 Leiho eta balkoi ederrenaren sari banaketa.

12:30 TXISTULARIEN ALARDEA Txintxarri txiki abesbatza,  Txintarri abesbatza eta Sutarri dantza taldearen partaidetzarekin plazan (tartean HERRIKO TXISTULARIri eskertza ekitaldia)

17:00 Umeentzat jokuak herriko gazteen eskutik, eskolako patioan.

18:30 HERRI KIROLAK Larraitz auzoko plazan

                HARRIJASOTZAILEEN XIII. TXINTXARRI SARIA

                Gipuzkoako harri txikien txapelketa. Partehartzaileak:

-Aimar Irigoien

-Hodei Iruretagoiena, Izeta IV.

-Mikel Lopetegi, Urra.

-Imanol Albisu, Goikoetxe.

-Xabier Peñagarikano, Peña.

-Xabat Olaizola.

Idoia Etxeberria eta Karmele Gisasola harrijasotzaileen saioa harri desberdinekin.

19:30 TIO TERONEN SEMEAK taldearen Freshcool emanaldia

20:45 ZAHAGIARDOA plazan.

21:45 SUTARRI dantza taldearen emanaldia plazan.

Ondoren, DANTZALDIA Joxe Mendizabalen eskutik.

 

Bulebarrean zuzeneko musika

Atzoko egun indartsua eta gero, gazteek iluntze partean berrekingo diote festari. Zahagiardoan indarrak hartu eta 23:00etatik aurrera Antzarrak Perratzen, Oztopo eta Koltxoi taldeak ariko dira zuzenean bulebarreko oholtzan. Biharko azken egunean, mus txapelketa egingo da 16:00etan eta herriko bertsolarien saioarekin amaituko dira festak.