Berriak
Atzealdea

Asteburuan ospatuko dira Kalebeherako festak

Ostiraletik igandera adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak izango dira parkean

2018·09·12


Iritsi da Kalebeherako jaien asteburua. Urtero bezala, uda amaiera eta udazkenaren iritsieraren mugarri izaten diren jai horiek ospatuko dira ostiraletik igandera bitartean Kalebeherako parkean. Ostiralean 19:00etan txupinazoarekin hasiko dira jaiak eta Errotako buruhandien eta zezenen ostean, 20:00etan patata tortila lehiaketa egingo da. Zahagiardoan afaldu ostean dantzarako aukera izango da trikitilarien eskutik.

Krosa eta pala txapelketa. Horiek izango dira larunbateko zatirik handieneko ardatzak. Goiz partean haurren zein helduen krosa jokatuko da parketik abiatuta eta arratsaldean pala txapelketako kanporaketak jokatuko dira, finalak erabakita geratu arte. Ordu berean ume jolasak izango dira, txokolatea banatuko da eta zinta karrera jokatuko da. Gau partean, zahagiardoaren ostean bertso saioa izango da eta bigarren eguna borobiltzeko trikitilarien saioa izango da.

Igandean Sutarri dantza taldeko kideen emanaldia izango da eguerdian parkean, sagardo dastaketaren aurretik. Sagardoari laguntzeko sardina erreren bat jateko “zortea” dutenek agian ez dute bazkari behar handirik izango baina betiko moduan, paella prestatuko da parkean bertan bazkaltzeko. Arratsaldean haurren pilota txapelketako eta helduen pala txapelketako finalak jokatuko dira eta jaiak zahagiardoarekin amaituko dira.