Berriak
Atzealdea

Aurten ere Balkoi eta Lorategi Dotoreenaren lehiaketa egingo da festei begira

Epaimahaiko kideak ekainaren 18tik 24ra ibiliko dira kaleetan balkoiak eta lorategiak ikusten

2018·05·31


Azken urteetan egin den moduan, Balkoi eta Lorategi Dotoreenaren lehiaketa egingo da aurten ere festen bueltan. Festa batzordeak balkoiak eta leihoak zaintzeko ohitura berreskuratzeko helburuarekin egiten du lehiaketa hau eta horrek herriaren itxurari eta ingurumenari eragiten dion mesedea balioan jartzea da beste helburua. Epaimahaiko kideak herriko kaleetan ibiliko dira ekainaren 18tik 24ra eta modu horretan herriko leiho eta balkoi guztiak aztertuko dituzte. Hainbat irizpide izango dituzte kontuan balorazioak egiterakoan: kolorea, landareen aniztasuna, estetika, konbinaketa eta txukuntasuna. Ohi bezala, epaimahaiko kideak gai horretan adituak diren pertsonak izango dira eta beraien erabakiaren berri Alegiako jaietan emango dute. Uztailaren 15ean, igandea, emango da emaitzen berri eta sari banaketa ere bertan egingo da. Maila bakoitzeko irabazleek 150 euroko opari txartela jasoko dute herriko saltokietan kontsumitzeko. Sarituek egunean bertan jaso beharko dute saria.