Berriak
Atzealdea

Aurten ere “Ez ezetz da!” kanpaina martxan izango da festetan

Asteazken, ostiral eta larunbat gauean etxera taldean joateko hitzorduak izango da Orendaingo bidegurutzean

2019·07·05


Alegiako Udalaren, emakumeen taldearen eta beste hainbat eragileren elkarlanari esker, sexu erasoen aurkako protokoloa martxan izango da hastetik gertu diren Alegiako jaietan. Udalaren egitaraua eta Bibalabirjen jaiena kontuan hartuta, uztailaren 10etik 16ra izango dira jaiak eta egun horietan guztietan martxan izango da “Ez ezetz da!” kanpaina.

Iaz bezala, erasoak salatzeko telefono zenbaki bat martxan izango da 24 orduz. 606 797 135 da zenbaki hori eta erasoren bat jasaten edo ikusten duen edonork deitu dezake bertara eta laguntza eskainiko zaio.

Horrekin batera, hiru gauetan etxera taldean joateko hitzorduak ezarriko dira. Orendaingo bidegurutzea izango da elkargunea eta talde bakoitzean arduradunak egongo dira. Hauek dira ordutegiak:

-Asteazken gaua: 02:00etan.

-Ostiral  eta larunbat gauak: 03:00etan eta 05:00etan.

Beste egunetan, etxera laguntzea nahiko lukeen eta gutxienez lau pertsona dituen talde bat osatuko balitz, 606 797 135 telefono zenbakira deitu daiteke eta gehienez ordubetean, etxera lagunduko zaie.

Besoko moreak

“Ez ezetz da!”kanpainak aurtengorako duen berrikuntzetako bat besokoekin ibiliko diren arduradunena da. Protokoloko arduradun horiek kolore moreko besokoekin ibiliko dira kalean eta norbaitek laguntza beharko balu, besokoak dituztenengana jo dezake eta laguntza bideratuko zaie.