Berriak

Atzealdea

Aurten ere zaku bete opari izango da gabonetan Alegian

Kontsumitzaileen fideltasuna eskertzeko saski bat eta bidaia bat zozkatuko dira abenduaren 22an

2017·11·28


Alegiako Udalak eta Alegiako Merkatarien Taldeak elkarlanean, bigarren urtez egingo dute gabonetako kanpaina berezia. Merkatarien elkarteko kide diren herriko saltoki eta tabernetan kontsumitzen dutenei abenduaren 22an egingo den zozketan parte hartzeko txartelak emango zaizkie abenduaren 1etik aurrera. Hala azaldu dute gaur goizean Alegiako udaletxean egin den aurkezpen prentsaurrekoan. Bertan izan dira Nati Murua zinegotzia eta Alegiako Merkatarien Taldeko hainbat kide.

Iazkoarekin alderatuta, sari bat gehiago banatuko da aurten. Lehen sari modura, ekimenean parte hartzen duten denda eta tabernek emandako produktuekin osaturiko saski handi bat emango da, iaz bezala. Saski hori ikusgai egongo da kanpainak irauten duen bitartean Maitere janaridendako erakusleihoan. Bigarren saria, bidaia bat izango da.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, kanpaina honek hainbat helburu ditu. Horietako bat kontsumitzaileen fideltasuna eskertzea da. Beraiek dira Alegiako merkataritza sostengatzen dutenak eta merkatariek hori eskertu nahi dute. Bestetik, Muruak azaldu du garrantzitsua dela herritarrek herriko dendetan erosketak egitea. Merkataritza osasuntsu bat izateak herri osoari mesede egiten diola gaineratu du.

Gauzak horrela, herritarrak eta kanpotik etortzen direnak Alegian kontsumitzera animatu nahi izan ditu Muruak, abenduan Alegian erosketak egiteak saria izan dezakeela azpimarratuz.