Berriak

Atzealdea

Azken orduak izan arren, jaiez gozatzen jarraitzen dute alegiarrek

Gauerdian txintxarria erreta amaituko dira festak

2017·07·16


Azken orduan dituzte Alegiako jaiek. Ostegunean txupinazoa bota zenetik festak ez du etenik izan eta azken ordu hauetan ere alegiarrek eta kanpotik etorritakoek festez gozatzen jarraitzen dute. Ostiralekoa eta atzokoa egun indartsuak izanagatik, gaurkoari ere gogotsu ekin zaio txistularien kalejira bereziarekin. Eguerdian balkoi eta leiho lehiaketako sari banaketa egin da eta ondoren Hika antzerki taldeak eta Oinkari dantza taldeak Sagartu ikuskizuna eskaini dute elkarrekin. Jende asko elkartu da plazan eta maila handiko emanaldia eskaini dute dantzariek eta antzezleek. Bazkalostean ume jolasak egin dira Gaztelekuko kideen eskutik eskolako patioan eta haurrek asko gozatu dute proposatu zaizkien jolasekin. Laster berriz, egitarauko ekitaldirik seinalatuenetako bat hasiko da Larraitz auzoko plazan. Jada hamabigarren ekitaldia duen harrijasotzaileen Txintxarri Saria.

19:30ean Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia izango da plazan. 21:00etan zahagiardoa egingo da eta 23:00etan dantzaldiarekin jarraituko da. Gauerdian berriz, festak agurtzeko ekitaldia egingo da. Txintxarria erreko da eta gogoan izan, Festa batzordeak ekitaldi honetara txintxarriekin hurbiltzeko deia egina diela herritarrei. Gauzak horrela, ondo pasa geratzen diren orduetan!!

Bibalabirjenei ere agur

Bulebarrean ere azken festa eguna dute gaur. Urtero bezala, herriko bertsolarien saio bereziarekin emango zaie amaiera bost eguneko festei.