Berriak
Atzealdea

Azken orduetan sartuta dira aurtengo Alegiako jaiak

Gauerdian Txintxarria erre eta datorren urtera bitartean agurtuko dituzte jaiak alegiarrek

2018·07·16


Azken orduetan sartuta dira Alegiako jaiak. Ostiral arratsaldean hasi zirenetik ez da atsedenerako tarte handiegirik izan baina laugarren egunari ere indarrean ekin diote alegiarrek. Batez ere, haurrek eta jubilatuek, beraiena izan baita protagonismoa eguneko zatirik handienean. Goizean jubilatuen hamaiketakoa izan da eta giro ederrean egon dira guztiak. Ordu berean gaztetxoen 3x3 saskibaloi txapelketa jokatu da Elorri pilotalekuan. Alebin, infantil eta kadete mailako parte hartzaileak aritu dira eta partida politak eskaini dituzte. Eguerdian haurren bazkaria egin da plazan eta arratsaldearen zatirik handienean ere beraiena izan da plaza. Bazkalostean playbcaka egin da eta parte hartze oparoa izan da. Mimoz prestaturiko koreografia landuak ikusteko aukera izan da. Playbacka amaitutakoan zumba saioa egiteko aukera izan da eta ondoren txikienak eta gurasoak arretaz egon dira Sardina Freskue! antzezlanarekin gozatzen.

Gorputza hainbeste mugituta, indarrak errekuperatze aldera txokolatea banatu da eta une honetan toka txapelketa herrikoia jokatzen ari dira bi mailetan. Batetik, 12 eta 15 urte bitartekoak ari dira eta ondoren 16 urtetik gorakoen txanda izango da. 19:30ean Fan&Go taldearen dantzaldia izango da eta zahagiardoaren ostean jarraituko du. Gauerdian, Txintxarria erreko da eta modu horretan agurtuko dituzte alegiarrek jaiak datorren urtera bitartean.