Berriak
Atzealdea

Berrikuntzekin dator Alegiako VIII. San Silbestre krosa

Izena emateko epea zabalik dago eta ibilbidean aldaketa bat egitea erabaki du antolakuntzak

2017·12·11


Abenduaren 31n jokatuko den Alegiako VIII. San Silbestre krosak hainbat berrikuntza izango ditu. Nagusiena ibilidearekin loturikoa izango da. Orain arte, lasterketa nagusian bi itzuli ematen zitzaizkion zirkuituari. Bada, aurten ibilbideak aldaketa nagusi bat izango du. Kalegoratik bueltan Zubi Zaharra igaro ostean, Larraitz auzorako bidea hartuko du lasterketak eta eskolaren parean eskuinera hartuko da baina ez Etxe Txuri aldera, Larraitz auzoko 4A eta 4B zenbakiak dauden kaletik baizik. Bertatik metro batzuk egin eta ezkerrera hartuko da Larraitz 16 eraikinaren aurretik pasa eta berriz ezkerrera eginda, San Juan kaleranzko bidea hartzeko. Hortik aurrera ohiko bidea izango da.

Aldaketa horrek zirkuituari metroak kendu dizkio eta hori dela eta, helduen lasterketan parte hartzen dutenek hiru itzuli eman beharko dituzte, guztira 4380 metro osatzeko. Aurten beteranoen maila ere sartu dute antolatzaileek. 45 urtetik gorakoak izango dira bertan sartuko direnak eta horiek ere hiru itzuli eman beharko dituzte. Proba berean ariko diren infantilek eta kadeteek bi itzuli eman beharko ditizte. Aurrebenjamin, benjamin eta alebinek ohiko lasterketa izango dute.

Izena emateko epea jada zabalik dago eta hala egongo da abenduaren 20ra, asteazkena, bitartean. Epe horretan kultur etxera joan beharko da izena ematera eta hala egiten dutenek, aurtengorako diseinatu diren kamiseta bat jasoko dute opari. Lasterketaren egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera. 14:30etik 15:30era eman ahalko da izena udaletxeko sarreran. Behin 15:30ak pasata, ez da izena ematerik onartuko. Modu batera edo bestera izena ematen duten 16 urtetik gorakoek 6 euro ordaindu beharko dute.

Ohi bezala, mozorro onenak saria izango du eta parte hartzaile guztien artean oparien zozketa egingo da lasterketa amaitu eta berehala. Itxaronaldia arintzeko, merienda ere izango dute korrikalariek.

Dirua Mukwano-Lagun GKErentzat

Aurtengo ekitaldiak izango duen beste berrikuntzetako bat, jasotzen den diruak izango duen helburua izango da. 2006tik Ugandako haurrekin lanean ari den Mukwano-Lagun Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat izango da lasterketaren bueltan lortzen den dirua. Horrenbestean, jendea proban parte hartzera animatu nahi da, parte hartze hutsak beharra dagoen lekuan laguntzea ahalbidetuko duelako.