Berriak
Atzealdea

Bide erdia eginda, festa giro bikaina dago Alegian

Asteburukoak eginda, azken bi egunetan ere aukera interesgarri ugari eskaintzen ditu egitarauak

2019·07·14


Hirugarren eguna dute gaurkoa Alegiako jaiek. Horrek esan nahi du gaurkoan ari direla bide erdia igarotzen. Azken bi egunak geratzen dira aurretik baina asteburuko azken egun honek ere asko eman du. Goizean herriko txistulari ohien ardura izan da beste urte batez, jaietako igande goizean herritarrak esnatzea. 11:00etan zabaldu ditu ateak eskolako patioan haurrentzako haur parkeak eta eguerdian plaza ere festaren erdigune izan da. Leiho eta balkoi dotoreenaren lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin da eta aurten, Belen Esnaola eta Flori Martinez izan dira irabazleak. Ondoren Nafarroa Beheko Urepel herritik etorritako Aire Ahizpak taldearen emanaldia izan da. Fernando Aire Xalbador bertsolaria zenaren bilobek osatzen dute taldea eta kontzertu atsegina eskaini dute.

Laster Larraitz auzoko plazan Harrijasotzaileen XIII. Txintxarri Saria jokatuko da, aldi berean Euskadiko harri txikien txapelketa ere badena. Aimar Irigoien, Izeta IV, Mikel Lopetegi, Imanol Albisu, Xabier Peñagarikano eta Xabat Olaizola izango dira nor baino nor eta Idoia Etxeberria eta Karmele Gisasolak ere egingo dute saio bat harri ezberdinekin.

19:30ean Tio Teronen Semeak taldeak Festamentua ikuskizuna eskainiko du plazan. Iaz ere Alegian izan ziren Freshcool ikuskizunarekin eta aurtengoan eguraldiak gehiago lagunduko die behintzat. Zahagiardoa plazan egingo da eta gauean Fan&Go taldearekin erromeria izango da.

Bihar jubilatuak eta haurrak

Bihar, astelehena, jubilatuak eta haurrak izango dira protagonista egunaren zatirik handienean. Giroarte dultzaineroen dianarekin batera abiatuko dira jubilatuak 9:00etan urtero egiten duten mendi ibilaldia egitera. 11:00etan ondo merezitako hamaiketakoa izango dute eta eguerdian haurrek hartuko diete erreleboa adinekoei.

14:00etan haurren bazkaria egingo da eta 15:00etan play-back saioa. Gaztetxoek asteak daramatzate koreografiak prestatzen eta bihar erakutsiko dituzte jendaurrean. Play-backaren ostean zumba saioa izango da eta 16:30ean Gora kasete haur antzerkia. Hainbeste jardueraren ostean, 18:00etan haurrentzat txokolatea banatuko da eta 19:00etan toka txapelketa herrikoia egingo da. 12-15 urte bitarteko maila eta 16 urtetik gorakoak banatuko dira. Iluntzean zahagiardoa izango da plazan eta 23:00etan zuzeneko musika, Sara Zozaya eta Nerabe taldeen kontzertuekin. Zozaya bakarkako bere proiektuarekin izango da Alegian eta Nerabek Toki-on diskoa aurkeztuko du. Azpian duzue biharko egitaraua:

ASTELEHENA 15

09:00 Giro arte taldeak alaituriko DIANA.

09:00 Jubilatuek antolatutako MENDI IBILALDIA.

11:00 Jubilatuentzat HAMAIKETAKOA.

14:00 UMEEN bazkari herrikoia plazan.

15:00 Haurrentzako PLAY-BACK saioa.

Ondoren, zumba saioa. Parte hartze librea.

16:30 “Gora kasete” HAUR ANTZERKIA plazan.

18:00 Umeentzako TXOKOLATEA plazan.

19:00 Herritarren arteko TOKA TXAPELKETA plazan 12 eta 15 urte bitartekoentzat eta ondoren 16 urtetik gorakoentzat.

21:00 ZAHAGIARDOA plazan.

23:00 SARA ZOZAYA eta NERABE taldeen kontzertua plazan.

 

Bulebarrean gaur amaiera

Bost egunen ostean gaur esango diete agur Bibalabirjen jaiei. Azken egunari begira, laster Taupadaren konztertu akustikoa izango da Bulebarrean eta gauean, ohi bezala, herriko bertsolarien saioak emango die amaiera jaiei.