Berriak
Atzealdea

Bide onetik ekin diote binakako pilota txapelketari Artolak eta Mariezkurrenak

Bengoetxeari eta Imazi 22 eta 14 irabazita lehen puntua batu zuten atzo Tolosan

2018·11·27


Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak bide zuzenetik hasi dute binakako pilota txapelketa. Atzo jokatu zuten lehen partida Tolosako Beotibar pilotalekuan Bengoetxearen eta Imazen aurka eta 22 eta 14 irabazi zuten itxura oso ona emanez. Hasieratik indarrean hasi ziren eta launako berdinketatik aurrera markagailuan tartea zabaldu zuten. Iñaki Artolak izan zuen jokoaren ekimen nagusia eta Mariezkurrena debutariak oso ondo lagundu zion, pilotakada ederrak joaz eta Imazi nagusituz. Aginte hori baliatuta, Artolak tantoa amaitzeko aukera izan zuenean ez zuen barkatu eta dozenatik gora tanto egin zituen. Gauzak horrela, lehen puntua bildu dute Artolak eta Mariezkurrenak eta igandean Bilbon jokatuko dute bigarren partida Urrutikoetxearen eta Aretxabaletaren aurka.

Intxurreko palistak finalean

Ostiralean gomazko paletako Gipuzkoako txapelketako finala jokatuko du Intxurreko emakumezko jubenilen bikoteak Altzan Ataungo bikotearen aurka. Finalerdietan 30 eta 16 irabazi zuten Intxurrekoek Zumaiaren aurka. Eskuz binaka, txapelketa berean nagusien hirugarren mailan, Intxurrek finalerdietako joanekoa jokatuko du Zumaiaren aurka. Final laurdenetan Euskal Giroari 22 eta 14 irabazita lortu dute finalerako txartela. Partida hori ostiralean jokatuko da 18:30ean Elorri pilotalekuan. Bost partidaz osaturiko jaialdia izango da. Lehen biak alebinenak izango dira, beste bat infantilena eta kadeteen lehia batek osatuko du. Bestetik, ostegunean 19:30ean buruz buruko partida bat jokatuko da Elorrin. Nagusietan Intxurreko Oiarbide eta Azkoitiko Juaristi neurtuko dira.