Berriak
Atzealdea

Bihar hasiko dira Alegiako jaiak

Asteartera bitartean izango da zer ikusi eta zer gozatua

2019·07·11


Udal gobernu berriko kideek botako duten txupinazoarekin hasiko dira 2019ko Alegiako jaiak bihar arratsaldean. Asteartera bitartean jai giroa nagusi izango da herriko kaleetan. Txupinazoaren aurretik ere izango da ekitaldirik, ordea. 17:00etan Santos futbol torneoko haurren  mailako finala jokatuko da eskolako patioan. 18:30ean kartel lehiaketan parte hartu duten lanen erakusketa egingo da udaletxeko arkupetan eta Billabonako erraldoi eta buruhandiekin, Loatzo musika eskolako musikariekin eta Giroarte dultzaina taldearekin kalejira egingo da Larraitz auzotik plazaraino. Txupinazo garaian kontzentrazio bat egingo da plazan “Euskal preso eta iheslariak etxera” lemapean eta Udal gobernu berriko kideek izango dute jaien hasiera iragarriko duen txupinazoa botatzeko eta ondoren Txintxarria udaletxeko balkoira jaisteko ardura.

Behin jaia lehertuta, zahagiardoa egingo da zubian eta gauerako bi hitzordu biltzen ditu egitarauak. 22:30ean bertso saioa izango da Elizpe zinean. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Eli Pagola, Maddalen Arzallus eta Imanol Irazustabarrena ariko dira Imanol Artola “Felix”ek jarritako gaien inguruan kantuan. Gauerdian Niña Coyote eta Chico Tornado eta Ze Esatek! taldeen kontzertuak izango dira plazan. Niña Coyote eta Chico Tornado bikoak Aitzstar beraien azken lana aurkeztuko du eta Ze Esatek! taldea berriz, bere agurreko biraren baitan iritsiko da Alegiara.

“Ez ezetz da!” kanpaina

Atzo hasi ziren Bibalabirjen jaietako egitaraua eta Festa batzordearena gehituta, asteartera bitartean iraungo dute jaiek Alegian. Bada, egun horietan guztietan martxan egongo da sexu erasoen aurkako protokoloa. Bihar, ostirala, eta etzi, larunbata, gauean etxera taldean joateko hitzorduak izango dira 3:00etan eta 5:00etan, Orendaingo bidegurutzetik abiatuta. Gogoan izan aldi berean, gainontzeko egunetan, gutxienez lau pertsonako talde bat osatzen bada eta etxera laguntzea nahi badute, 606 797 135 telefono zenbakira deitu eta gehienez ordubetean, protokolo arduradun batek etxera lagunduko diela.