Berriak

Atzealdea

Bihartik igandera jai giroa izango da nagusi Alegian

Duela 50 urte herriko lehen ikastola sortu zutenek piztuko dute jaien hasiera iragarriko duen suziria

2017·07·12


24 ordu geratzen dira Alegiako jaiak hasteko. Lau egunetan festa giroa nagusi izango da eta herritarrek eta kanpotik etortzen direnek ere egitarau anitz batez gozatzeko parada izango dute. Txupinazoa 19:00etan botako den arren, 17:00etan Santos txapelketako finala jokatuko da eta 18:30ean jaietako kartel lehiaketan parte hartu duten marrazkien erakusketa egingo da arkupetan. Ordu berean, Ordiziako erraldoiekin eta buruhaundiekin, txistulariekin, Loatzo musika eskolako trikitilariekin eta dultzaineroekin kalejira bat egingo da Larraitz auzotik plazaraino eta 19:00etan puntuan, duela 50 urte Alegiako lehen ikastola sortu zuen taldeko hainbat kidek jaurtiko dute festen hasiera iragarriko duen txupinazoa. Ordu berean “Euskal preso eta iheslariak etxera” lemapean kontzentrazio bat egingo da eta 19:30ean Loatzo musika eskolako txarangaren kalejira izango da. 21:00etan zahagiardoa izango da plazan. Gauean, Sutarri dantza taldeak emanaldi bat eskainiko du 22:00etan plazan eta ondoren Elustondo anai-arrebekin erromeria izango da. Udalak jaiez gozatzera animatu nahi ditu herritarrak eta kanpotik etorriko direnak, beti ere errespetuz eta Alegian inolako eraso edo jazarpen matxistarik ez dela onartzen gogoraraziz.

Bulebarrean gaurtik festa

Urtero bezala, gazteek antolatutako egitaraua egun bat lehenago hasiko da Bulebarrean. Lehen egun honetako egitaraua klasiko bat da gaur ere 19:00etan lehertuko da festa. Aurrez ordea, Santosen omenezko futbol txapelketako finala jokatuko da eta 18:55ean, “Oskar eta Manu etxera” elkartasun argazkia aterako da. Suziriaren ostean sagardo dastaketa izango da. Jarraian zahagiardoa egingo dute eta gauean Gabenara taldearekin erromeria izango da.. Biharkoan, ajeari buelta emate aldera, ping-pong eta partxis txapelketak egingo dira 16:30ean gaztetxean eta gauean Odolaren mintzoa eta Zaparra taldeen kontzertuak izango dira, Mojito gauan.