Berriak

Atzealdea

Binakako txapelketako bigarren puntua lortuta sailkapeneko lehen postuan dira Artola eta Mariezkurrena

Bi partida irabazita diren Olaizolaren eta Albisuren aurka ariko dira igandean Eibarko Astelena pilotalekuan

2018·12·05


Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak bide oso zuzenetik jarraitzen dute binakako txapelketan. Lehen partida irabazi ostean, Urrutikoetxearen eta Aretxabaletaren aurkakoa jokatu zuten igandean eta alegiarra eta berriozartarra erraz nagusitu ziren bizkaitarren aurka. 22 eta 13 amaitu zen partida baina Artolak eta Mariezkurrenak maila oso altuan jokatu zuten eta 19 eta 5 ere aurretik izan ziren markagailuan. Andoni Aretxabaletaren eskua ez zegoen egoerarik onenean baina Artolak eta Mariezkurrenak bikote modura bikain jokatu zuten. Mariezkurrenak frontisetik urrun ibili zuen pilota eta Artolak tantoa amaitzeko aukera izan zuenean, ez zuen barkatu.

Gauzak horrela, jokaturiko bi partidak irabazita sailkapeneko lehen postuan dira Artola eta Mariezkurrena eta beraiekin berdinduta dagoen bikote baten aurka jokatuko dute igandean hirugarren jardunaldiko partidan Eibarren. Olaizola eta Albisu izango dituzte aurkari, txapelketan sasoi punturik onena erakusten ari diren bi bikoteren arteko partidan.

Intxurrekoak finalean galtzaile

Ostiralean gomazko paletako Gipuzkoako txapelketako finala jokatu zuen Intxurreko emakumezko jubenilen bikoteak. Muruak eta Agirrek 30 eta 25 galdu zuten Ataungo bikotearen aurka. Eskuz binaka, nagusien gizonezkoen hirugarren mailan, Intxurreko bikotea finalerdiak jokatzen ari da. Zumaiaren aurkako joanekoa jokatu zuten asteburuan eta 22 eta 16 galdu zuten. Jardunaldi honi begira, ostiralean 18:30ean zazpi partidaz osaturiko jaialdia jokatuko da Elorri pilotalekuan. Guztiak eskuzkoak izango dira, gizonezkoenak. Lehen bostak eskuz binakakoak izango dira alebin eta infantilen mailetan. Alebinetan Mendaroren aurka ariko dira Intxurrekoak eta infantiletan Alde Zaharra, Izurun, Intza eta Hernani izango dituzte aurkari. Azken biak eskuz banakoak izango dira, Gipuzkoako txapelketako jubenil mailakoak. Intxurreko Zubeldia eta Olano, Gaztelekuko Artolaren eta Oiarpeko Zalakainen aurka ariko dira, hurrenez hurren.