Berriak

Atzealdea

Duela 50 urte Alegiako lehen ikastolaren sortzaileek piztutako suziriarekin lehertu da festa Alegian

Bihar jubilatuak eta gaztetxoak izango dira protagonistak egunean zehar

2017·07·13


1967an Alegiako ikastola sortu zutenek piztutako suziriarekin lau eguneko festa lehertu da Alegian. Erraldoi eta buruhaundien, txistularien, trikitilarien eta dultzaineroen kalejirak giroa berotu du kaleetan eta 19:00etarako plaza bete jende zegoen festei hasiera emateko irrikitan. Txupinazoa botatzerako unean, ikastola sortu zutenak eta bertako lehen ikasleak izan zirenak egon dira udaletxeko balkoietan. Garai haietan ikastolaren egitasmoa bultzatu zutenak izan dituzte gogoan eta ikasle izan zirenek jaitsi dute festa guztietan plazan presente egongo den Txintxarria. Modu horretan eman zaio hasiera etenik gabe lau egunetan luzatu den festa giroari. Une honetan ere kaleetan ez da girorik falta. Loatzo musika eskolako txaranga dabil herrian zehar kalejiran. 21:00etan zahagiardoa egingo da eta 22:00etan Sutarri dantza taldeak urtero festetan egiten duen ikuskizuna eskainiko du plazako oholtzan. Lehen egunari errematea emateko Elustondo Anai-Arrebak izango dira jendea dantzan jarriko dutenak.

Biharkoari begira, adinekoek eta gaztetxoek izango dute protagonismoa eguneko zatirik handienean. Goizeko 9:00etan, trikitilarien eta txistularien dianarekin batera, jubilatuen mendi martxa eta gaztetxoen 3x3 saskibaloi txapelketak jarriko dira martxan. Behin buelta eginda, jubilatuek hamaiketakoa izango dute plazan eta 12:00etan “Txapela buruan eta dantza munduan” izeneko haurrentzako antzerkia eskainiko da plazan. 14:00etan haurrek bazkaria egingo dute plazan  eta jarraian egitarauko klasiko bat bihurtzen ari den haurren playbacka egingo da. Bakarka edo taldeka, gaztetxoek azken asteetan prestatutako koreografiak eskainiko dituzte eta irabazleentzat sariak izango dira. 16:00etatik 18:00etara bitartean kirol ekintzak egingo dira plazan. Adinekoen soinketa, zunba eta spinning jarduerak egingo dira parte hartze irekiarekin. 18:00etan txokolatea banatuko da eta 19:00etan toka txapelketa egingo da maila ezberdinetan. 19:30ean “Kolpez Blai” perkushowak alaituko ditu kaleak eta biharko zahagiardoa zubian izango da.

Gau parterako, 22:30ean bertsolariak izango dira Elizpe zinean. Mikel Artola alegiarra, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Unai Iturriaga ariko dira kantuan Felix Irazustabarrenak jarritako gaien inguruan. Gauerdian Hesian eta Passepartout taldeak ariko dira plazan.  Azpian duzue biharko egitaraua.

 

OSTIRALA 14

09:00 Herriko txistularien eta Loatzoko trikitilarien DIANA.

09:00 Jubilatuek antolatutako MENDI IBILALDIA.

09:00 3X3 SASKIBALOI TXAPELKETA eskolako patioan. Kadete, infantil eta alebin mailak.

11:00 Jubilatuentzat HAMAIKETAKOA.

12:00  Txapela buruan eta dantza munduan. Haur antzerkia, plazan.

14:00 UMEEN bazkari herrikoia plazan. Ondoren, haurrentzako PLAY-BACK saioa.

16:00-18:00 Kirol ekintzak herriko plazan. 3. Adineko soinketa, zunba eta spinning. Parte hartze irekia.

18:00 Umeentzako TXOKOLATEA plazan.

19:00 Herritarren arteko TOKA TXAPELKETA plazan 12 eta 15 urte bitartekoentzat eta ondoren 16 urtetik gorakoentzat.

19:30 Kolpez blai. Perku-show.

21:00 Zahagiardoa zubian..

22:30 BERTSOLARIAK Elizpe zinean. Mikel Artola, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga. Gai-jartzailea: Felix Irazustabarrena

00:00 Passepartout eta Hesian taldeen kontzertuak.

Bulebarren musika gaur

Bibalabirjen jaiek gaurkoa dute bigarren eguna. Atzoko hasiera indartsuaren ostean gaurko eguna lasai antzera joan da. Arratsaldean partxis eta ping-pong txapelketak jokatu dira gaztetxean eta ajeari buelta eman ostean, iluntzerako berriz ere martxan da Bulebarreko giroa. Zahagiardoaren ostean Odolaren mintzoa eta Zaparra taldeak ariko dira zuzenean. Gaurkoari gainera, “Mojito gaua” izendapena eman zaio. Biharkoan berriz, egun handia izango dute gazteek. Eguerditik hasita, bertso poteoan ibiliko dira hasteko eta 14:30ean bazkaria egingo da bulebarrean. Arratsaldean herriko gazteen txaranga ibiliko da kaleetan eta jokoak egingo dira.  Gau parterako, musika elektronikoa izango da Bulebarrean hainbat Djren eskutik eta goizean gaztetxean jarraituko du festak. Bihar, 18:00etan pilota partidak izango dira Elorri pilotalekuan eta gauean TPR, Desira eta Guri 5 taldeak ariko dira Bulebarreko oholtzan.