Berriak
Atzealdea

Erregional mutilen taldea izango da urteko azken jardunaldian etxean ariko den bakarra

Sailkapeneko bigarrena den Kostkasen aurka jokatuko dute larunbatean 16:00etan Elorrin

2018·12·19


Asteburu honetakoak 2018ko azken futbol partidak izango dira Intxurreko taldeentzat. Erregional mailako mutilen taldea izango da etxean ariko den bakarra. Herrerako Sportingen aurka 2 eta 0 galdu ostean, sailkapeneko bosgarrenak dira eta bigarren dagoen Kostkasen bisita izango dute larunbatean 16:00etan. Gorengoen mailako neskek Goierri Gorriren zelaian jokatuko dute igandean 12:00etan. Aloña Mendiren aurka 0 eta 1 galdu zuten eta zortzigarrenak dira.

Infatiletan, Aralar Intxurreko mutilen bi taldeek garaipena lortu zuten. A taldeak 7 eta 1 irabazi zion Texas lasartearrari eta lehen postuan dira. Puntu kopuru berarekin dagoen Urnietaren zelaian jokatuko dute larunbatean 16:00etan. Maila bereko beste taldea ere lidertzan da Ostadarri 3 eta 1 irabazita. Hauek ere etxetik kanpo agurtuko dute urtea, kasu honetan bigarren dagoen Udarregi Usurbilen zelaian egun berean 10:00etan jokatuz. Aralar Intxurreko neskek urtarrilean jokatuko dute hurrengo partida. Asteburuan 0 eta 3 galdu zuten Ostadarren aurka eta sailkapeneko bigarrenak dira.

Jubenil mutilek amaitu dute lehen fasea. Tolosa liderrarren aurka 2 eta 4 galdu zuten eta hirugarren amaitu dute hogeita zazpi punturekin. Asteburuan igoera fasea jokatzen hasiko dira eta Ostadarren zelaian jokatuko dute larunbatean 17:15ean. Kadeteentzat ere amaitu da denboraldiko lehen zatia. Hauek ere galdu egin zuten azken partida, 4 eta 2 Ostadarren aurka eta kopa jokatuko dute bigarren amaitu ostean.