Berriak
Atzealdea

Erregionalak eta infantil mutilak izango dira asteburuan Elorrin jokatuko diren futbol partidetako protagonistak

Jubenil mutilek igoera faseko hirugarren garaipena lortu zuten eta lehen postuan jarraitzen dute

2018·01·24


Intxurreko futbolarien hiru partida jokatuko dira asteburuan Elorri futbol zelaian. Erregionalek kopako partida izango dute larunbatean 15:30ean Zarautzen aurka. Alegiarrek 2 eta 1 galdu zuten Urkiren aurkako azken partida eta hirugarren postuan daude hiru punturekin. Aurkaria berriz, zazpigarren dago puntu bakarrarekin. Etxean ariko diren beste bi taldeak Aralar Intxurreko infantil mailako mutilenak izango dira. Aralar Intxurre B taldeak 3 eta 1 galdu zuen Euskaldunaren aurka eta bosgarren postuan daude hamabi punturekin. Bigarren dagoen Billabonaren aurka ariko dira larunbatean 10:00etan. Maila bereko beste taldeak berriz, atsedena izan zuen aurreko astean eta Lazkaoren aurka jokatuko dute egun berean 11:45ean.

Bestelakoan, jubenil mutilek maila bikaina ematen jarraitzen dute. Igoera faseko hirugarren partida irabazi zuten larunbatean 9 eta 1 Hondarribiaren aurka eta lidertzan jarraitzen dute. Zazpigarren dagoen Landetxaren zelaian jokatuko dute larunbatean 15:30ean. Maila bereko neskek 0 eta 1 galdu zuten Zumaiakoren aurka kopan. Punturik bildu ezinda jarraitzen dute eta horretarako aukera izango dute larunbatean 16:00etan Mutrikun jokatuko duten partidan. Kadeteek ere galdu egin zuten kopan. 4 eta 0 makurtu behar izan zuten Euskaldunaren aurka eta seigarren postuan daude hiru punturekin. Egoera berean dagoen Danenaren zelaian jokatuko dute larunbatean 12:00etan. Azkenik, infantil neskek ere galdu egin zuten, 4 eta 1 Tolosan. Zazpigarrenak dira sei punturekin eta hirugarren dagoen Goierri Gorriren zelaian ariko dira larunbatean 9:00etan.