Berriak
Atzealdea

Gauerdian amaituko dira Alegiako jaiak

Txintxarria erretzeko ekitaldira txintxarriekin joateko deia egin du Festa batzordeak

2019·07·16


Bost egun jai giroan igaro ostean, gauerdian esango diegu agur aurtengo Alegiako jaiei. Azken orduetan sartuta dira horrenbestean aurtengo festak baina azken orduei zukua atera nahi dietenek badute oraindik aukera. 18:00etan haurrentzat jolasak prestatuko dituzte herriko gazteek eskolako patioan eta azken orduetan musika izango da protagonista. Herriko hainbat musikari gaztez osaturiko Harresi taldearekin erromeria izango da plazan 19:30ean hasita. 21:00etan zahagiardoa egingo da eta 23:00etatik aurrera berriz ere Harresi taldea ariko da plazan. Gauerdian Txintxarria erretzearekin batera amaituko dira festak. Ekitaldi horretara txintxarriekin joateko deia egin du Festa batzordeak.

Gaurko egunaren lehen zatiak ere eman du ordea berea. Goizeko 9:00etan Alegiako Patxaranga txarangako kideek egin dute diana eta 3x3 saskibaloi txapelketari ere ordu horretan eman zaio hasiera eskolako patioan. Alebin, infantil eta kadete mailetako neska mutilek partida politak eskaini dituzte goiz osoan zehar. Eguerdiko hitzordu nagusia Sutarri dantza taldearen emanaldia izan da. Dantza taldeko adin ezberdineko parte hartzaile ugari izan dira emanaldian eta estilo ezberdineko dantzak eskaini dituzte.

Geratzen dena aprobetxatzera gonbidatzen zaituztegu. Ondo amaitu jaiak!!