Berriak
Atzealdea

Gaztelekuak eta Ludotekak indartuta ekin diote ikasturte berriari

Haur eta gaztetxo kopurua ugaritu egin da eta zerbitzuaren ordutegia zabaldu egin da

2018·10·16


Alegiako Udaleko Gazteria sailak eskaintzen dituen Ludoteka eta Gazteleku zerbitzuek iragan urriaren 5ean ekin zioten ikasturteari. Urtetik urtera harrera hobea izaten ari den zerbitzua da eta horren lekuko dira aurtengo ikasturterako partaidetza datuak. Ludotekan 6 eta 12 urte bitarteko haurrak biltzen dira eta ikasturtea hasi berri den honetan 70 ume daude izena emanda. Gaztelekuan aldiz, 12 eta 18 urte bitarteko nerabeak elkartzen dira eta ez dago aurrez izena eman beharrik. Ikasturte hasiera honetan 25 gaztetxo hurbildu dira bataz-beste. Gauzak horrela, zerbitzuak ia 100 haur eta gaztetxo biltzen ditu.

Partaidetza igoera horren eraginez, orain arte ostegunetik larunbatera eskaintzen zen zerbitzuaren ordutegia zabaldu egin da. Gauzak horrela, orain Ludoteka asteazkenetan ere zabalduko da. 6 eta 8 urte bitartekoek asteazkenetan eta ostegunetan 16:00etatik 17:30era izango dute Ludotekara joateko aukera eta 8 eta 10 urte bitartekoek egun berdinetan, 17:45etik 19:15era eta ostiraletan 16:00etatik 17:30era. Gaztelekuak ostiraleko eta larunbateko ordutegia mantenduko du.

Ekintza bereziak

Gazteria sailak gogorarazi nahi du urtean zehar, Ludotekako eta Gaztelekuko ohiko zerbitzuez gain, ekintza bereziak egiten direla. Aste santuko eta gabonetako oporretan izaten dira ekintza berezi horiek eta Ludotekan eta Gaztelekuan zein Udalaren ohiko kanalen bidez izango duzue ekintza berezi horiei buruzko informazio zehatzaren berri.