Berriak
Atzealdea

Gaztetxearen 30. urteurrena azaroaren 3an hasiko da Katalunia ardatz izango duen egun batekin

Abenduaren 29ra bitartean hitzaldi, kontzertu, antzerki eta bestelako ekitaldi ugari izango da

2017·10·31


Alegiako gaztetxeak 30 urte beteko ditu abenduan eta jada prest dute hain urtemuga seinalatua ahalik eta ondoen ospatzeko egitarau berezia. Datorren azaroaren 3an, ostirala, emango zaio hasiera urteurreneko egitarau bereziari “Alegia amb Catalunya” egunarekin. 19:00etan hitzaldi bat izango da Elizpe zinean. Bartzelonako probintzian dagoen Sant Sadurni d’Anoia herrian CUP alderdiko zinegotzia den Jordi Pujol Lizana eta KOP taldeko abeslaria eta aktibista kataluniarra den Juanra izango dira hizlariak, herrialdeak biz duen egoeraren inguruan. Hitzaldiaren ostean zahagiardoa egingo da plazako arkupeetan eta 22:30ean KOP eta Katez taldeen kontzertuak izango dira gaztetxean.

Azaroaren 10ean Zurrunka Teatro taldeak “Ac Num. Un ciprés en un desierto” antzezlana eskainiko du gaztetxean 20:00etan. Hilaren 16an, osteguna, Jakue Pascualek hitzaldi bat eskainiko du “Movimiento de resistencia. Años ochenta en Euskal Herria” izenburupean. Hitzaldiekin jarraituz, azaroaren 23an Goiener, energia berriztagarrien kooperatiba ezagutzeko hitzaldia eskainiko da 19:00etan.

Azaroaren 24ean, ostirala, artisau garagardoen azoka egingo da. 19:00etan hasiko da azoka eta artisau garagardo ugari probatzeko aukera izango da. 20:30ean afaria izango da eta txerri ukondoa, patata purea eta gaztaina erreak izango dira menuan. Azokak irauten duen bitartean, Zigor DZ ariko da musika jartzen.

Abenduko lehen egunean Non Servium eta The Guilty Brigade taldeen kontzertua izango da 22:30ean gaztetxean. Sarrerek 10 euroko prezioa izango dute eta aurrez erosteko aukera izango da Iskiña tabernan eta Non Servium taldearen webgunean. Abenduaren 14ean pintxo pote berezia egingo da gaztetxean. 18:30etik aurrera kartel eta argazki zaharren erakusketa egingo da eta pintxoak ere izango dira.

Abenduaren 16a izango da festa egun nagusietako bat. Egun osoko festa izango da eta ohi bezala, babarrun jatea egingo da eguerdian. Arratsaldean Patxaranga txarangarekin kalejira egingo da eta gauean Etsaiakeroak eta Nomadak taldeen kontzertuak izango dira.

Abenduaren 20an Gazteak Kalean plataformak hitzaldi bat eskainiko du eta hilaren 27an umeen eguna ospatuko da. Kontukantoi ipuin kontalariak “Amonaren belarriak entzundako kontu txiki eta haundiak” ipuina kontatuko du 16:30ean hasita eta ondoren taloak eta merienda eskainiko da. Azkenik, abenduaren 29an, Willis Drummond eta Polygorn taldeen kontzertua izango da 22:30ean.