Berriak

Atzealdea

Gaztetxoak eta jubilatuak protagonista asteburuaren atarian

22:30ean bertso saioa izango da Elizpe zinean eta gauerdian Hesian eta Passepartout taldeak ariko dira plazan

2017·07·14


Indarrean ekin zaio Alegiako jaietako bigarren egunari. Goizeko lehen ordutik kirola izan da protagonista. Dianarekin batera eman zaie hasiera jubilatuen mendi martxari eta gaztetxoen 3x3 saskibaloi txapelketari. Adinak jakituria ematen omen du eta hamaiketakoaren ordurako zintzo itzuli dira jubilatuak plazara, bertan zain zuten mokaduaz gozatzera. Giro ederrean egon dira bertan kontu-kontari. Eguerdian “Txapela buruan eta dantza munduan” haur antzerkia eskaini da plazan eta etxeko txikienak arretaz eta gustura egon dira istorioaren nondik norakoak jarraitzen. Ondoren haurren bazkaria egin da eta jarraian gaztetxoentzat jaietako hitzordurik garrantzitsuenetako bat den playbacka ospatu da. Duela gutxi amaitu dena kirol ezberdinen erakustaldia izan da. Adinekoen gimnasia, zunba eta spinninga egiteko aukera du nahi duen orok. Hemendik aurrerakoari begira, toka txapelketa jokatuko da eta “Kolpez blai” perkushowa kaleetan zehar ibiliko da. Zubian egingo den zahagiardoaren ostean, bi proposamen eskaintzen ditu egitarauak. Batetik, 22:30ean Elizpe zinean egingo den bertso saioa. Mikel Artola, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Unai Iturriaga ariko dira Felix Irazustabarrenak jarritako gaien bueltan kantuan. Bestetik, gauerdian Passepartout eta Hesian taldeen kontzertuak izango dira plazan.

Bihar berriz, asteburuan sartuko dira jaiak. Giroarte dultzaina taldearen dianaren ostean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era haur parkea zabalik egongo da eskolako patioan. Eguerdian berriz, jendearen aldetik erantzunik onenetakoa jasotzen duen ekitaldia egingo da plazan. Sagardo dastaketa txorizo eta sardina erreekin. Aurten Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Aburuza eta Zabala sagardotegietako sagardoak izango dira dastagai. Jendetza biltzen da urtero, eskaintzen diren sagardo ezberdinak dastatu eta parean tokatzen bada, pintxoren bat jateko esperantzarekin. Irma Karrera eta Jokin Tolosa trikitilariek alaituko dute eguerdia. Ahal duenak lo kuluxka bat egiteko aprobetxatu dezala eguerdia, arratsaldea bete-betea dator eta. 15:00etan Alegiako II. Goitibehera jaitsiera jokatuko da Galarretako bidean behera. 18:00etan berriz, pilota partidak jokatuko dira. Lehenik, Alegiako txapelketako finalak, gazte eta afizionatuen mailetan. Gazte mailan, Arandia eta Elizegi Iriarteren eta Jauregiren aurka ariko dira eta afizionatuetan, Peru Labakak eta Santxezek Urbietaren eta Aizpururen kontra jokatuko dute. Ondoren profesionalen txanda izango da. Iñaki Artola alegiarrak Urretabizkaiarekin osatuko du bikotea eta Victorren eta Erasunen aurka jokatuko dute. 18:30ean apar festa izango da haurrentzat. 21:00etan zahagioardoa egingo da Larraitz auzoan eta ondoren Joxe Mendizabalekin dantzaldia izango da bertan. 22:00etan Erramun Martikorenak eta Txintxarri abesbatzak kontzertua eskainiko dute elkarrekin Elizpe zinean eta gauerdian Dj Josu Rodriguez ariko da plazan. Biharko egitaraua:

LARUNBATA 15

09:00 Giroarte taldeak alaituriko  DIANA.

11:00-14:00 Haur parkea eskolako patioan.

12:00 SAGARDO DASTAKETA sardine eta txorixokin. SAGARDOTEGIAK: Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Aburuza eta Zabala. Irma Karrera eta Jokin Tolosa trikitilariek alaiturik.

15:00 Alegiako II. Goitibehera jaitsiera Napar-Etxeberritik behera.

16:30-18:30 Haur parkea eskolako patioan.

18:00 Pilota partiduak Elorri pilotalekuan.

Alegiako VII. Pilota txapelketako finalak.

Jubenilak: Arandia – Elizegi

      Iriarte – Jauregi

Afizionatuak: Peru Labaka – Santxez

          Urbieta - Aizpuru

Profesionalak:  Arteaga II - Erasun

                           Artola – Urretabizkaia

18:30 Apar festa.

21:00 ZAHAGIARDOA LARRAITZ AUZOAN. Ondoren, dantzaldia Joxe Mendizabalen eskutik.

22:30 Erramun Martikorena & Txintxarri Abesbatzaren kontzertua. Elizpe zinean.

00:00 DJ Josu Rodriguez.

Egun handia Bibalabirjenetan

Bibalabirjen jaiek egun handia dute gaurkoan. Eguerditik hasi dira festan gazteak. Bertso poteoaren ostean bazkaritarako elkartu dira Bulebarrean eta une honetan herrian zehar dabiltza gazteen txarangarekin, jokoak eginez. Gau parterako musika elektronikoa proposatzen da Bulebarrean. Hainbat Dj izango dira bertan eta festak gaztetxean izango du jarraipena. Biharkoari begira, arratsaldean pilota jaialdia izango da Elorri pilotalekuan eta gauean TPR, Desira eta Guri 5 taldeen kontzertuak izango dira.