Berriak

Atzealdea

Gipuzkoako txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte asteburuan Intxurreko pilotariek

Nagusiek Alegian jokatuko dute ostiralean Hernaniren aurka eta kadeteak Azpeitian ariko dira

2017·11·02


Intxurreko pilotariek Gipuzkoako txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte asteburu honetan. Kadete eta nagusien lehen mailetako bikoteak izan dira lehen fasetik aurrera egitea lortu dutenak eta asteburuan finalerako txartela izango dute jokoan. Nagusien mailako bikoteak ligaxka lehen postuan amaitu du eta Hernaniren aurka jokatuko du finalerdia ostiralean 18:30ean Elorri pilotalekuan. Bost partida jokatuko dira eta finelrdi hori hirugarrena izango da. Aurrera egitea lortzen badute, Ilunpe eta Zazpi Iturriren arteko partidako irabazlea izango dute aurkari finalean. Kadeteek berriz, bigarren amaitu dute eta Ilunperen aurka jokatuko dute Azpeitian ostiralean 19:00etan. Kasu honetan, Tolosa eta Oiarperen arteko partidako irabazlea izango da finalean topatuko duten aurkaria.

Artola lau t’erdikotik kanpo

Iñaki Artolak amaitu du aurtengo lau t’erdiko txapelketako ibilia. Final laurdenetako ligaxkan jokatu dituen hiru partidak galdu egin ditu alegiarrak eta finalerdietatik kanpo geratu da. Hirugarren jardunaldiko partida iragan ostiralean jokatu zuen Balmasedan Mikel Urrutikoetxearen aurka. Partida horretan ez zegoen ezer jokoan eta bizkaitarrak 22 eta 13 irabazi zuen. Artolak tanto onak egin zituen baina bizkaitarraren joa nagusitu zen.