Berriak
Atzealdea

Hartxintxarrezko Elorri zelaia agurtzeko partida jokatuko dute Intxurreko egungo jokalariek eta jokalari ohiek larunbatean

Datozen asteetan ekingo zaie Elorri zelaian belar artifiziala ezartzeko lanei

2018·05·23


Denboraldi amaiera berezia izango da aurtengoa Intxurreko futbolarientzat. Hilabete luzeetako lehia amaitzeaz gain, hartxintxarrezko Elorri zelaiari ere agur esango diote asteburuan. 2018-2019 denboralditik aurrera belar artifizialeko zelaia izango du Elorrik eta datozen asteetan hasiko dira gainazal berria ezartzeko lanak. 1995ean inauguratu zen zelaia eta egun Gipuzkoan geratzen den hartxintxarrezko zelai bakarra da.

Egun seinalatu hori ospatzeko, Intxurrek partida berezi bat antolatu du larunbat goizerako. Egun Intxurren jokatzen duten eta noizbait taldeko kide izan diren futbolarien arteko partida jokatuko da Elorrin 10:00etan. Ondoren, Intxurrek denboraldi amaieran ospatzen duen urteroko jaia egingo da. Normalean iluntzean zahagiardoa egiten zen baina aurten eguerdian egingo da plazan. Intxurre taldeak denetzako edaria jarriko du eta egungo jokalarientzako janaria. Taldeko kide ez direnek baina zahagiardora joan nahi dutenek, janaria eraman beharko dute.

Azken partida

Festaren aurretik, Intxurreko emakumezko jubenilek denboraldiko azken lehia izango dute. Kopako azken jardunaldia jokatuko da eta Zarautzen jokatuko dute larunbatean 10:15ean. Larunbatean 0 eta 2 galdu zuten Amaikak Baten aurka. Mutilei berriz, iragan asteburuan amaitu zuten denboraldia. Igoera faseko azken partidan 2 eta 0 irabazi zuten Antigua Luberriren aurka eta laugarren amaitu dute.