Berriak

Atzealdea

Herria Kantuan jaialdiaren ekitaldi berri bat prestatzen ari da Kultura batzordea

Musikaren munduan dabiltzan herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditu Batzordeak

2018·02·28


Alegiako Kultura batzordea Herria Kantuan jaialdiaren ekitaldi berri bat prestatzen ari da. 2012ko ekainean egin zen lehen ekitaldia eta orduko hartan, musikaren munduan dabiltzan alegiar ugarik hartu zuen parte plazan egin zen emanaldian. Bada, sei urteren ostean, batzordeak bigarrenez antolatu nahi du eta horretarako musikan murgilduta dabiltzan herritarren parte hartzea eskatu dute.

Aurreko ekitaldian zahagiardoa egin zen lehenik iluntzean eta ondoren eskaini zen emanaldia. Aurtengorako ere ideia berdina darabil buruan antolakuntzak. Esan bezala, ordea, musikarien parte hartzea ezinbestekoa da jai hori egin ahal izateko. Hortaz, jaialdian parte hartzera animatzen diren musikariei kultur etxera joateko eskatzen zaie eta han jaso ahal izango dute antolakuntzari buruzko informazio gehiago.

Herriak, herritik eta herriarentzat egindako festa bat bezalakorik ez omen dago eta ea bada, denon artean Herria Kantuan jaialdiaren bigarren ekitaldia antolatzea lortzen dugun!!