Berriak

Atzealdea

Iñaki Artolak Elezkano edo Arteaga izango du aurkari buruz buruko txapelketako final zortzirenetan

Aurrera egiten badu, Oinatz Bengoetxea txapeldunaren aurka jokatuko du final laurdenetan

2018·04·11


Iñaki Artolak hamar egun barru jokatuko du aurtengo buruz buruko txapelketari dagokion lehen partida. Iaz Laso kanporatu ostean, final laurdenetan esan zion agur lehiaketari Irribarriaren aurka galdu ostean. Bada, aurten Elezkanok eta Arteagak jokatuko duten final hamaseirenetako irabazlea izango du aurkari lehen partida horretan. Artolak lehen kanporaketa gainditzen badu, Oinatz Bengoetxea, egungo txapelduna, izango du aurkari final laurdenetan, apirilaren 28an Iruñeako Labrit pilotalekuan.

Intxurrekoak ostiralean

Intxurreko pilotariak Gipuzkoako lau t’erdiko txapelketa jokatzen hasiko dira asteburuan. Kadeteen eta nagusien mailetan, guztira hamalau izango dira lehiatuko diren Intxurreko ordezkariak. Ostiralean 18:30ean lau partida jokatuko dira Elorri pilotalekuan. Lehena infantil mailakoa izango da eta Intxurrek Gaztelekuren aurka jokatuko du. Ondorengo hiru partidak nagusien lau t’erdikoak izango dira. Altunak Intzako Iribarren aurka jokatuko du, Intxurreko Zabala eta Oiarbide elkarren aurka ariko dira eta amaitzeko, Muruak Hernaniko Lazkanoren aurka jokatuko du.