Berriak
Atzealdea

Iñaki Artolak Elezkanoren aurka jokatuko du buruz buruko pilota txapelketako final zortzirenetan astelehenean Tolosan

Partida horretako irabazlea Bengoetxearen aurka neurtuko da final laurdenetan larunbatean Iruñean

2018·04·18


Iñaki Artolak badaki noren aurka jokatuko duen buruz buruko pilota txapelketako final zortzirenetako kanporaketa. Danel Elezkano bizkaitarrari egin beharko dio aurre astelehenean Tolosako Beotibar pilotalekuan. Elezkanok 22 eta 6 menperatu zuen Arteaga final hamaseirenetan eta maila onean aritu zen. Asteleheneko partida irabazten duenak egungo txapelduna den Oinatz Bengoetxearen aurka jokatuko du final laurdenetan. Partida hori apirilaren 28an jokatuko da Iruñeako Labrit pilotalekuan.

Intxurrekoen partidak

Bihar eta ostiralean Intxurrekoen partidak jokatuko dira Elorri pilotalekuan. Bihar, osteguna, partida bakarra jokatuko da 19:00etan. Gipuzkoako lau t’erdiko txapelketan, nagusien mailan, Intxurreko Artola Chiapusoren aurka neurtuko da. Ostiralean berriz, lau partida izango ditu jaialdiak, 18:30ean hasita. Lehen partida infantil mailakoa izango da eskuz binaka eta Intxurre eta Hernani neurtuko dira. Beste hiru lehiak lau t’erdikoak izango dira. Kadeteetan, Zubeldiak Hernaniko Oiartzabalen aurka jokatuko du eta Altunak Zumaiako Aristiren kontra. Nagusietan Intxurreko Oiarbidek Aranburu izango du aurkari.