Berriak
Atzealdea

Iñaki Artolak ezin izan zuen Danel Elezkanoren aurka irabazi eta buruz buruko pilota txapelketatik kanpo geratu da

Ondo hasi arren, bigarren zatian aurkaria gehiago izan zen eta 22 eta 11 amaitu zen partida

2018·04·26


Iñaki Artolak galdu egin zuen astelehenean Danel Elezkanoren aurkako buruz buruko txapelketako final zortzirenetako partida. Aurtengo ekitaldiko lehen partida zuen Artolak eta aurkaria aurrez Arteaga kanporatuta iritsi zen Beotibarko hitzordura. Partidaren hasieran Artolak itxura sendoa eman zuen. Sakearekin asmatuz eta kolpe freskoarekin zegoela erakutsiz. 6 eta 1 ere aurreratu zen baina pixkanaka gauzak aldatzen hasi ziren. Frontisetik gutxiago ateratzen zen pilota bat atera zuen Elezkanok eta sake-errematearekin min handia egin zion alegiarrari. Bigarren zatian goitik behera nagusi izan zen bizkaitarra eta azkenerako, 22 eta 11 amaitu zen partida eta horrekin batera, Artolaren ibilia aurtengo txapelketan.

Intxurrekoak gaur, bihar eta igandean

Pilota partida ugari izango dira gaurtik hasita Elorri pilotalekuan. Gaur bertan bi neurketa jokatuko dira 19:00etan hasita. Eskuz binaka infantiletan Intxurre eta Ilunpe ariko dira eta alebinetan Hondarribia izango da alegiarren aurkaria. Biharko jaialdia 18:30ean hasiko da eta bost partida izango ditu, denak lau t’erdiko nagusien mailakoak: Irazustabarrena-Otaño, Jauregi-Orbegozo, Oiarbide-Urbieta, Altuna-Esnaola eta Zabala-Solano partidak izango dira. Igandean azkenik, bi neurketa izango dira 10:00etatik aurrera. Binaka Intxurre eta Añorga ariko dira infantiletan eta kadeteen bigarren mailan, Lizarribarrek Ugarteren aurka jokatuko du lau t’erdian.