Berriak
Atzealdea

Iñaki Artolak Jon Mariezkurrenarekin osatuko du bikotea lehen mailako binakako pilota txapelketan

Astelehenean Tolosan jokatuko dute lehen partida Bengoetxearen eta Imazen aurka

2018·11·21


Atzo aurkeztu zen lehen mailako binakako pilota txapelketa. Iaz parte hartu gabe geratu ostean, Iñaki Artola aurten ere txapelketan izango da eta Jon Mariezkurrena gaztea izango du bikote. Iñaki Artolak, 24 urterekin, laugarren parte hartzea izango du txapelketan. Bi aldiz lortu du finalerdietan sartzea Albisurekin bikotea osatuz. Jon Mariezkurrenak berriz 19 urte ditu eta uztailean egin zuen debuta. Lehen aldiz jokatuko du binakako txapelketan. Bikote gazte honek astelehenean ekingo dio txapelketari. Tolosako Beotibarren jokatuko dute Bengoetxearen eta Imazen aurka, hamalau jardunaldi izango dituen ligaxkako lehen jardunaldiko partida.

Intxurrekoak bihar eta larunbatean

Intxurreko pilotariek bi partida jokatuko dituzte datozen egunetan Elorri pilotalekuan. Bihar, osteguna, Gipuzkoako txapelketako buruz buruko partida bat jokatuko da 18:30ean. Gizonezkoen jubenil ailan Intxurreko Zubeldiak Tolosako Goikoetxea izango du aurkari. Larunbatean berriz, gomazko paletan aritzen diren emakumezko jubenilek txapelketa bereko finalerdia jokatuko dute. Intxurreko Iturriotzek eta Muruak Zumaiako bikotearen aurka jokatuko dute.