Berriak

Atzealdea

Iñaki Artolak Lasoren aurka jokatuz ekingo dio lau t’erdiko pilota txapelketari

Tolosako Beotibarren jokatuko dute astelehenean eta irabazlea final laurdenetan izango da

2017·10·04


Udako jaialdi eta torneoen ostean, txapelketa ofizialak jokatzen hasteko garaia iritsi zaie pilotari profesionalei. Lau t’erdiko txapelketa izaten da uda osteko lehena eta Iñaki Artolak asteburuan ekingo dio txapelketa horri. Alegiarra final zortzirenetan sartuko da lehian eta Unai Lasoren aurka jokatuko du astelehen arratsaldean Tolosako Beotibar pilotalekuan. Partida horretako irabazleak beste hiru partida jokatuko ditu gutxienez txapelketan, final laurdenak ligaxka modura jokatuko direlako. Artolak irabazten badu, B multzoan sartuko da eta jada zain ditu Altuna eta Urrutikoetxea. Laugarren pilotaria Ezkurdiaren eta Mendizabalen arteko lehiatik aterako da.

Intxurrekoak ostiralean Elorrin

Intxurreko pilotarientzat partidaz beteriko asteburua dator. Ostiralean 18:30ean lau partida jokatuko dira Elorri pilotalekuan. Lehen biak gomazko paletakoak izango dira eta emakumezkoen jubenilen bigarren mailan, alde batetik Intxurreko bi bikoteren arteko partida jokatuko da eta bestetik, Hernaniren aurkakoa izango dute Intxurrekoek. Jaialdiak eskuz binakako bi partida ere izango ditu. Gizonezkoen nagusien hirugarren mailan, Eibar eta Mundarroren aurka ariko dira Intxurrekoak. Bestalde, nagusien bigarren mailako palistek finalerdia jokatuko dute Hernanin.