Berriak
Atzealdea

Indartsu hasi dituzte alegiarrek lau egunez luzatuko diren jaiak

Mari Tere Munduatek eta Sagrario Aranburuk bota duten txupinazoan une hunkigarriak bizi izan dira

2018·07·13


Hasi dira Alegiako jaiak. Mari Tere Munduate eta Sagrario Aranburuk piztu dute jaien hasiera iragarri duen suziria eta herritarren esker ona ere jasotzeko aukera izan dute, urte luzetan egindako lanaren errekonozimendu modura. Herriaren erdi erdian kokatuta egon den janari denda bat kudeatu dute luzaroan eta erretiroa hartzeko garaia iritsita, ateak itxiko dituzte. Eskainitako zerbitzuarengatik esker ona adierazteko aukera izan dute herritarrek eta une hunkigarriak bizi izan dira. Munduatek eta Aranburuk eskerrak eman dizkiete herritarrei eta jaiak ondo pasatzeko mezue ere helarazi diete.

Txupinazoaren aurretik, kartel lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa egin da eta erraldoiekin, buruhandiekin, trikitilariekin eta dultzaineroekin kalejira plazaraino. Txupinazoaren ostean Txintxarria jaitsi da eta orain gutxi amaitu da Bartzelonako Vilafranca del Penedes herritik etorritako Castellers de Vilafranca taldearen erakustaldia. Herritarrak aho zabalik egon dira osatu dituzten giza dorre ezberdinei begira eta txalo zaparrada galantak eskaini dizkiete. Une honetan zahagiardoan afaltzen ari dira hainbat herritar eta gau parterako bi eskaintza nagusi daude. 22:30ean bertso saio bat izango da Elizpe zinean. Sustrai Colina, Amets Arzallus, Iker Zubeldia, Uxue Alberdi eta Beñat Iguaran igoko dira oholtzara eta Mikel Artola izango da gai jartzailea. Gauerdian, Skasti eta Bad Sound taldeen kontzertuak hasiko dira plazan.

Biharko egunari goizetik ekingo zaio. Dianaren ostean, haur parkea zabalduko da 11:00etan eskolako patioan. Eguerdian jende asko biltzen duen sagardo dastaketa egingo da plazan. Sei sagardotegitako sagardoa aukeran, txorizo eta sardina erreekin lagunduta. Arratsaldean goitibehera jaitsiera eta pilota jaialdia azpimarratu behar dira. Jaialdian, Alegiako pilota txapelketako finalak eta profesional mailako partida bat jokatuko dira. Alegiako txapelketari dagokionean, kadeteetan Zubeldiak eta Lizeagak Amianoren eta Uzkudunen aurka jokatuko dute. Nagusietan berriz, Eneko Labaka eta Aizpuru Zubiria eta Garmendiaren aurka ariko dira. Azkenik, profesionaletan, Iñaki Artolak Urretabizkaiarekin osatuko du bikotea eta Arteaga eta Erasunen aurka jokatuko dute. Gauean, Psycho Clown perkusio ikuskizun ibiltaria ibiliko da kaleetan eta Josu Rodriguez DJaren saioa izango da plazan.

 

Larunbateko egitaraua:

09:00 Giroarte taldeak alaituriko DIANA.

11:00-14:00 Haur parkea eskolako patioan.

12:00 SAGARDO DASTAKETA sardine eta txorixokin.

                SAGARDOTEGIAK: Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Zalbide, Aburuza eta Zabala

                Irma Karrera eta Axier Unsain trikitilariek alaiturik.

15:00 Alegiako III. Goitibehera jaitsiera Napar-Etxeberritik behera.

16:30 Haur parkea eskolako patioan.

18:00 PILOTA PARTIDUAK .

Alegiako VIII. Pilota txapelketako finalak.

Kadeteak: Amiano-Uzkudun

                    Zubeldia-Lizeaga

Afizionatuak: Eneko Labaka-Aizpuru

                          Zubiria-Garmendia

Profesionalak:  Artola-Urretabizkaia

                               Laso-Erasun

18:30 Apar festa.

21:00 ZAHAGIARDOA LARRAITZ AUZOAN.

22:45 PSYCHO-CLOWN taldearen emanaldia kaleetan zehar.

00:00 DJ Josu Rodriguez.

Bulebarrean egun handia

Bibalabirjen jaietan egun handia dute gaurkoa. Eguerdian bazkaritarako elkartu dira gazteak eta asko izan dira mozorrotuta kalean dabiltzanak. Bazkalostean txarangarekin ibili dira poteoan. Zahagiardoaren ostean, reggae kontzertuak izango dira Kultu Kultibo eta Dabuh Selektah & Lagunak taldeekin. Goizaldeko 5:00etan Elektropapo elektrotxarangaren saioa hasiko da eta 6:00etan Afterbirjen festak jarraituko du gaztetxean. Gaurkoa mozorro eguna ere bada bulebarrean. Bihar, zuzeneko musika izango da gauean, Antzarrak Perratzen, Oztopo eta Koltxoi taldeekin.