Berriak

Atzealdea

Intxurreko futbol taldeen hiru partida jokatuko dira asteburuan Elorri zelaian

Erregional eta kadete gizonezkoak eta emakumezko jubenilak izango dira etxean ariko direnak

2017·10·04


Hiru izango dira asteburuan Elorri futbol zelaian jokatuko diren partidak. Erregionalek Danenaren aurka jokatuko dute larunbatean 16:00etan. Iragan asteburuan denboraldiko lehen garaipena lortu zuten Astigarraga Mundarroren zelaian 2 eta 3 irabazita. Lau puntu dituzte eta laugarren daude sailkapenean. Danena berriz, bosgarren dago puntu bakarrarekin eta horrenbestean, aukera ona izango dute alegiarrek beste garaipen bat lortzeko.

Jubenil mailako emakumezkoen taldeak Hernani izango du aurkari larunbatean 11:00etan. Añorgan jipoi dezentea jaso zuten alegiarrek azken partidan eta bosgarren daude hiru punturekin. Beraiekin berdinduta dago Hernani eta partida orekatua aurreikusten da.

Kadete mutilak izango dira Alegian partida izango duten besteak. Ostadar liderra izango dute aurrean igandean 11:00etan. Lasarteko taldea jokaturiko guztia irabazita helduko da Alegiara eta alegiarrek lehen garaipena lortu nahiko dute Euskaldunaren aurka 4 eta 0 galdu ostean.

Azkenik, jubenil mailako mutilek Idiazabalen jokatuko dute larunbatean 15:30ean. Hirugarrenak dira Danenari 3 eta 1 irabazi ostean. Sei puntu dituzte eta aurkaria laurekin dago bosgarren postuan.