Berriak
Atzealdea

Intxurreko futbolariek lau partida jokatuko dituzte asteburuan Elorri zelaian

Emakumezko infantilek denboraldiko lehen garaipena lortu zuten iragan asteburuan

2017·11·15


Asteburuan lau futbol partida jokatuko dira Elorri futbol zelaian. Intxurreko gizonezko erregionalak eta kadeteak eta emakumezko jubenilak eta infantilak izango dira partida horietako protagonistak. Hain zuzen ere, infantil neskek denboraldiko lehen puntuak bildu zituzten Tolosaren aurka 1 eta 0 irabazita. Larunbatean 10:00etan sailkapeneko bigarrena den Goierri Gorriren aurka jokatuko dute. Jubenilek ere garaipena lortu zuten azken partidan. 1 eta 2 irabazi zioten Danenari eta hamahiru punturekin laugarren kokatu dira, goiko postuei begira. Bertara gerturatzen saiatuko dira Añorga bigarren sailkatuaren aurka larunbatean 12:45ean jokatuko duten partidan. Gizonezko erregionalek Astigarragako Mundarro izango dute aurkari larunbatean 15:45ean. Azken jardunaldian 3 eta 1 irabazi zuten Usurbilen aurka eta bosgarrenak dira hamar punturekin. Azkenik, kadeteen partida jokatuko da igandean 11:00etan. Euskalduna izango dute aurkari eta Billabonari 2 eta 0 irabazi ostean zazpigarren postuan daude zortzi punturekin.

Etxetik kanpo ariko direnak gizonezko jubenilak eta infantil mailako bi taldeak izango dira. Jubenilek lidertza sendotu zuten Seguran 1 eta 4 irabazita eta bolada onari jarraipena ematen saiatuko dira bosgarren dagoen Danenaren zelaian, larunbatean 18:30ean. Infantiletan, Aralar Intxurre B taldeak 1 eta 4 galdu zuen Euskaldunaren aurka. Bosgarrenak dira sei punturekin eta Billabonaren zelaian jokatuko dute larunbatean 11:00etan. Maila bereko beste taldeak atsedena izan zuen azken jardunaldian eta Lazkaon jokatuko dute larunbatean 10:15ean.