Berriak
Atzealdea

Intxurreko futbolarien bi partida jokatuko dira asteburuan Elorri zelaian

Jubenil eta kadete mailetako gizonezkoen taldeak izango dira etxean ariko direnak

2018·04·25


Intxurreko futbolarien bi partida jokatuko dira asteburuan Elorri futbol zelaian. Horietako bat jubenil mailako gizonezkoena izango da. Lagun Onaken aurka jokatuko dute igandean 16:00etan igoera faseari dagokion partida. Iragan asteburuan bana berdindu zuten Santo Tomas Lizeoaren aurka eta laugarren daude sailkapenean. Azpeitiarrak zortzigarrenak dira eta beraz, aukera ona izan dezakete alegiarrek garaipen bat lortzeko. Etxean ariko den beste taldea kadete mutilena izango da. Ordizia liderraren aurka jokatuko dute larunbatean 11:00etan eta iragan astean Aizkorri Goierriren aurka lortutako garaipenak emandako indarra baliatzen saiatuko dira aurkari indartsu bati aurre egiteko.

Bestelakoan, erregionalek 4 eta 1 irabazi zuten iragan asteburuan Eibartarraken aurka. Sailkapeneko bigarrenak dira eta azkena den Arizmendiren zelaian ariko dira larunbatean 13:15ean. Jubenil emakumezkoek puntu ederra lortu zuten Urolaren zelaian bana berdinduta. Bederatzigarren postuan jarraitzen dute eta asteburuan atsedena izango dute. Infantiletan, txapeldunen fasean ari diren Aralar Intxurreko mutilek Soraluzen jokatuko dute larunbatean 10:30ean. Azken partidan 4 eta 0 galdu zuten Andoainen eta emaitza onen bidera itzuli nahiko dute. Maila bereko beste taldea ere antzeko egoeran da. Lazkaon 11 eta 0 galdu zuten eta Idiazabalen zelaian larunbatean 12:00etan jokatuko duten lehian puntuak biltzen ahaleginduko dira. Aralar Intxurreko neskek bana berdindu zuten Urnietaren aurka. Larunbatean 9:15ean Goierri Gorri liderraren zelaian jokatuko dute.