Berriak
Atzealdea

Intxurreko futbolarien sei partida jokatuko dira asteburuan Elorri zelaian

Erregionalak, jubenil mailako bi taldeak eta infantilen hiru taldeak izango dira etxean lehiatuko direnak

2018·05·02


Alegiako futbol zaleek egitarau oparoa dute asteburuari begira. Intxurreko futbolarien bost partida jokatuko dira asteburuan zehar Elorri futbol zelaian. Erregionalek kopako partida izango dute multzoko lehen postuan dagoen Elgoibarren aurka larunbatean 15:00etan. Alegiarrek 2 eta 1 galdu zuten iragan asteburuan Arizmendiren aurka eta bide onera itzultzen saiatuko dira aurkari gogor baten aurka. Jubenil mailako mutilen taldea ere etxean ariko da eta erregionalek bezala, multzoko liderra izango dute aurrean. Igoera fasean ari dira eta Ekintzaren aurka jokatuko dute larunbatean 17:15ean. Intxurrekoek 2 eta 0 irabazi zuten azken partida Lagun Onaken aurka eta beste hiru puntu batzen saiatuko dira, sailkapenean gora egiten jarraitzeko. Maila bereko neskek Aloña Mendiren aurka jokatuko dute igandean 17:00etan, aurreko asteburuan atsedena izan ostean.

Infantilei dagokienean, Aralar Intxurreko hiru taldeak etxean ariko dira. Neskek Danenaren aurka jokatuko dute kopan, larunbatean 11:00etan. Goierri Gorriren aurka 3 eta 1 galdu zuten azken partida alegiarrek. Kopa jokatzen ari den gizonezkoen taldeak Tolosaren bisita jasoko du igandean 10:00etan. Iragan asteburuan 5 eta 1 galdu zuten Idiazabalen eta hiru puntuak batzen saiatuko dira. Azkenik, txapeldunen fasean ari den mutilen taldeak Amaikak Bat taldearen aurka jokatuko du igandean 12:00etan. Azken partidan 4 eta 3 galdu zuten Soraluzen.

Etxetik kanpo ariko den talde bakarra kadeteena izango da. Ordizia liderrari 3 eta 1 irabazi ostean, larunbatean 9:00etan Tolosan jokatuko dute.