Berriak
Atzealdea

Intxurreko jubenilen eta kadeteen hiru partida jokatuko dira asteburuan Elorri futbol zelaian

Jubenil mutilek igoera faseko hirugarren partida jokatuko dute eta beste biak kopakoak izango dira

2018·01·17


Intxurreko futbolariek hiru partida jokatuko dituzte etxean asteburuan. Jubenil mailako bi taldeak eta kadete mailakoa izango dira partida horietako protagonistak. Jubenil mutilek igoera faseko hirugarren jardunaldiko lehia jokatuko dute Hondarribiaren aurka larunbatean 16:00etan. Iragan astean 0 eta 2 irabazi zuten Antzuolan eta sailkapeneko lehen postuan dira jokaturiko bi partidak irabazita. Maila bereko neskek kopako bigarren partida izango dute Zumaiakoren aurka. Lehen partidan 7 eta 0 galdu zuten Tolosan eta igandean 11:00etan lehen puntuak biltzen saiatuko dira. Etxean ariko den beste taldea kadete mailakoa izango da. Larunbatean 11:00etan Euskaldunaren kontra jokatuko dute kopan eta hauek ere lehen garaipena lortzen ahaleginduko dira, aurreko asteburuan Billabona 2 eta 0 galdu zuten eta.

Beste taldeei dagokienean, erregionalek ere kopako partida izango dute. Ikasberriren aurka 4 eta 1 irabazi zuten lehen jardunaldian eta larunbatan 18:00etan Eibarren jokatuko dute Urkiren aurka. Infantiletan, Aralar Intxurreko neskek Tolosan jokatuko dute larunbatean 12:15ean. Azken partidan 5 eta 0 irabazi zuten Ostadarren aurka eta seigarren postuan daude sei punturekin. Mutiletan, Aralar Intxurre B taldeak Euskalduna liderraren zelaian jokatuko du larunbatean 10:00etan. Azken partidan 3 eta 2 irabazi zuten Danenaren aurka eta sailkapeneko bosgarrenak dira hamabi punturekin. Maila bereko beste taldeak 15 eta 1 irabazi zion Ordiziari. Bigarren postuan daude eta asteburuan atsedena izango dute.