Berriak
Atzealdea

Intxurreko kadete eta infantilen lau partida jokatuko dira asteburuan Elorri futbol zelaian

Hainbat talderentzat lehen fasearen amaiera ekarriko du urteko azken jardunaldiak

2017·12·13


Intxurreko futbol taldeentzat urteko azken partidak izango dira datorren asteburuan jokatuko direnak. Horietatik lau Alegian jokatuko dira Elorri zelaian eta kadeteak eta infantil mailako hiru taldeak izango dira protagonistak. Kadeteetan, lehen faseko azken partida jokatuko dute Intxurreko mutilek. Iragan asteburuan bi eta huts galdu zuten Seguran eta urte berriarekin batera kopa jokatzen hasi aurretik, Danenaren aurka jokatuko dute larunbatean 16:00etan. Infantiletan, Aralar Intxurreko hiru taldeek atsedena izan zuten iragan astean eta urteko azken partidak etxean jokatuko dituzte. Mutiletan, Aralar Intxurre A eta B Ostadarreko bi talderen aurka ariko dira. Larunbatean 9:30ean Aralar Intxurre B eta Ostadar Cren artekoa jokatuko da eta 11:30ean Aralar Intxurre A eta Ostadar A neurtuko dira. Nesketan, Euskaldunaren aurkakoa izango dute Aralar Intxurrekoek igandean 11:00etan.

Bestelakoan, erregionalek atsedena izango dute aste honetan. Azken jardunaldiaren atarian hirugarrenak dira Lazkaon bat eta hiru irabazi ostean eta aurkarien emaitzek zehaztuko dute igoera fasean edo kopan ariko diren 2018an. Igoera fasean aritzeko txartela eta multzoko lehen postua eskuan dituztenak jubenilak dira. Iragan astean Lazkaori sei eta huts irabazi zieten eta jada badakite lehenak izango direla. Lehen fasea amaitzeko, Billabonan jokatuko dute igandean 17:30ean. Azkenik, jubenil neskek bana berdindu zuten Axularren zelaian azken partidan. Laugarrenak dira hamasei punturekin eta bigarren dagoen Tolosaren zelaian larunbatean 17:30ean jokatuz esango diote agur urteari.