Berriak
Atzealdea

Intxurreko lau futbol talderen partidak jokatuko dira asteburuan Elorri zelaian

Gorengo eta infantil mailako neskak eta jubenil eta kadete mutilak izango dira partida horietako protagonistak

2019·03·20


Intxurreko futbolarien lau partida ikusi ahal izango dira asteburuan Elorri futbol zelaian. Goiztiarrenak Aralar Intxurreko neskak izango dira. Larunbatean 10:00etan Danenaren aurka jokatuko dute. Euskaldunari 8 eta 1 irabazita kopako lehen garaipena lortu zuten eta bigarrena kateatzen ahaleginduko dira. Partida horren ostean, kadete mutilek jokatuko dute 11:30ean. Kopako lidertzan dira Danenari 0 eta 1 irabazita eta lehen postu hori sendotzen ahaleginduko dira seigarren dagoen Lazkaoren aurka.

Larunbat arratsaldeko 16:00etan gorengoen mailako emakumezkoek Axularren aurka jokatuko dute kopan. Santo Tomas Lizeoaren aurka 7 eta 2 galdu zuten azken partidan eta bide onera itzuli nahiko dute sailkapeneko beheko postuetan den taldearen aurka. Azkenik, igandean 16:00etan jubenil mutilen txanda izango da. Igoera faseko partida izango dute Oriokoren aurka. Behobiaren aurka bina berdinduta zazpigarrenak dira eta laugarrena izango dute aurkari.

Erregional gizonezkoek Irauli Bostekoren zelaian jokatuko dute larunbatean 15:30ean kopako partida. Euskaldunaren aurka bana egin ostean kopako multzoko goiko postuetara hurbildu nahiko dute. Infantil mutiletan, txapeldunen fasean ari diren bi taldeek garaipenik lortu gabe jarraitzen dute. A taldeak 7 eta 1 galdu zuen Ilintxaren aurka. Seigarrenak dira eta igandean 12:00etan Vasconiaren zelaian ariko dira. Beste taldeak 5 eta 1 galdu zuen Aizkorri Goierriren kontra. Hauek ere seigarren postuan daude eta Zestoan jokatuko dute larunbatean 13:00ean. Alebinek Idiazabalen jokatuko dute igandean 12:00etan Urnietaren aurka.